Eskoriatzak, Arrasatek eta Aretxabaletak Arabako odol bankuarekin egiten dute bat hurbiltasunagatik, eta handik etortzen dira odola ateratzera; astelehenean izan ziren osasun etxean eta hurrengo bietan ere etorriko dira –ekainak 4 eta 11–. Hala, Arabako Odol Emaileen Elkarteko kide dira hiru herriotako emaileak, eta gurean izan dira astean elkarteko presidente Jose Garcia; diruzaina, Agustin Alzola; eta idazkaria, Pedro Mari Belacortu. Eta horiekin elkartu dira Arrasateko arduraduna Salbio Dominguez eta Aretxabaletakoa, Ramon Eraña (Eskoriatzako Jose Mari Kortazarrek ezin izan zuen egon).
Eta aurten lehenengoz Leintz aldean ospatuko dute Odol Emaileen Eguna. "Hemengo emaileak eskertu gura ditugu asko direlako; batzuk osasun etxeetara joaten direnak eta beste batzuk lantegi eta enpresetan ematen dutenak", dio presidenteak.
Odol emateei dagokienez bost puntu gainetik dagoela Aretxabaleta Euskadikoarekin alderatuta jakinarazi dute, eta Arabako emate maila estatukoaren eta Europakoaren gainetik dagoela: "Baina hau ez da lehiaketa bat. Gero eta odol behar handiagoa dago eta helburua da gure ospitaleek beste inoren beharrik ez izatea".
Gazte emaile gutxi
Gizonezkoen artean 31 urtetik gorakoak dira gehien ematen dutenak, eta emakumeen artean, ostera, 46 eta 65 urte artekoak. Eta gutxien ematen dutenak gazteak dira, 18 eta 30 urte artekoak: "Gazteek ez dute izaten erregulartasunik; behin eman eta gero ahaztu egiten zaie", diote. Gaiak duen garrantzia jakinarazteko urte osoko sentsibilitate kanpainak egiten dituzte ikastetxeetan, 12 urtetik gorako ikasleekin hasita, hain zuzen. "Odola behar beharrezkoa da, eta beste batek emanda bakarrik lor daiteke. Gainera, estatistikek diote 10 lagunetik 9k beharko dutela bizitzako uneren batean".
Omenaldia gehien emandakoei
Datorren urtean 60 urte beteko dituen Arabako Odol Emaileen Elkarteak gurean ospatuko du aurtengo jaia eta 500 bat lagun elkartuko direlakoan daude. Meza izango dute parrokian (11:00) eta batzar orokorra gero. Ondoren, Iturrigorri pilotalekuan bazkalduko dute (14:30).
Bazkalostean, ostera, odola gehien emandakoak omenduko dituzte –emakumeetan, 40 ematetik gora eta gizonetan, 50 ematetik gora–; horien artean dago Ramon Eraña Aretxabaletako arduraduna.