Euskeriaren Eguna, festa giroko aldarrikapena

Jon Berezibar 2012ko maiatzaren 27a

Loramendi Elkarteak antolatuta Euskeriaren Eguna egin zuten atzo Aretxabaletan. Egun osoko egitaraua izan zuten eta jai giro polita izan zen. Hona hemen goizeko argazkiak:

Goizean goizetik ekin zioten egunari ibilbide historikoarekin; dozena bat lagun animatu ziren herri barruko ibilaldia egitera.

Ondoren, poliki-poliki jai giroa joan zen nagusitzen. Besteak beste, umeendako tailerrak, gazteendako jolasak eta trikitilariak izan zituzten. Eguerdian, berriz, ekitaldia egin zuten plazan txalapartari eta bertsolariekin. Jende dezente batu zen bertan, eta hala, abestu zuen bertso eskolako ume batek: "Lorazain ugari batu gara, udaberriko loreak zaintzeko nahikoa tanta". Zorionez, baina, Beñat Zamalloa bertsolariak abestu zuen bezala, aurten, aspaldiko partez, parte-hartzaileak behintzat barrutik bakarrik busti ziren.

Eguerdian, bazkaria ere izan zuten herriko elkarteek prestatuta; 100 lagun inguru batu ziren. Ostean jokoak, umeendako Munduan Berbena ikuskizuna, bolo txapelketa eta Larrin dantza.

'Musika zaparrada'

Musikaz blai bukatu zuten eguna. Izan ere, Musika Zaparrada izan zuten arratsaldean Busti Hadi lelopean; aurtengo berrikuntza. Herriko hainbat musika taldek eskaini zuten kontzertua, bakoitzak 15 minutu ingurukoa. Jende dezente erakarri zuen egitasmoak eta pozik azaldu dira antolatzaileak: "Esperientzia polita izan da herriko taldeak ikustea. Gainera, guztiak euskaraz, musikan sarri ematen ez dena". Aisialdia euskaraz egin daitekeela erakutsi nahi izan zuten Loramendikoek. Eta gogoratu euskaraz egunero egin behar dugula. Maitatu dezagun gure lorea egunez egun, tantaz tanta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak