Zorionak, lortu duzue zuen helburua! Baina igoera ez da etorri ustekabean, ezta?
Ez; aurreko bi urteotan ere aurrean ibili gara eta azkenean lortu dugu.
Zelakoa izan da denboraldia?
Orokorrean nahiko ona; beheralditxo bat izan genuen lau edo bost partidu galduta, baina aurrera egiten asmatu genuen. Hortaz, gustura bukatu dugu.
Eta bihar lehenengo geratu den Bilkoin Legorreta taldearen aurka duzue finala.
Bai, halaxe da; gu itxaropentsu gaude. Nahiko parekatuta ibili gara elkarren aurka jokatu izan dugunean; guk 3-2 irabazi genien etxean eta gero eurek ere 3-2 irabazi ziguten Legorretan.
Hortaz, zaleen berotasuna eta indarra eskertuko dituzue, ezta?
Bai, horixe. Oreretan da partidua, kantxa neutralean, eta zaleak bertaratzea eskertuko genuke. Badakigu Euskeriaren Eguna dela hemen baina… Autobusa jarri du UDAk eta 13:00etan irtengo da Azbeko geltokitik; partidua 15:00etan da eta 19:00ak ingururako bueltan izango gara.
Eta irabaziz gero bigarren mailako txapeldunak izango zarete?
Bai, halaxe da; sari polita denboraldia borobiltzeko.
Areto futboleko taldea nahiko berria dela esan daiteke, ezta?
Bai, orain dela zazpi bat urte sortu zuten. Herri batzuetan areto futboleko tradizioa dago, Eskoriatzan esaterako, baina gurea nahiko proiektu berria da.
Zelan sortu zen, futboletik etorritako jendearekin behar bada?
Bai, futbolarekin apur bat nekatuta zegoen jendeak jarri zuen abian, lagun talde eta koadrila berekoak gehienak; gero, poliki-poliki, jende gehiago joan da sartzen talde sendoa osatu arte.
Datorren denboraldian, lehenengo mailan, asko aldatuko da kontua?
Bai; maila handiagoa dago eta ez da denboraldi samurra izango. Horregatik taldea indartzea gura dugu eta gainerako taldeen parean ibiltzea da helburua.
Taldea indartzearekin fitxaketak egongo direla esan gura duzu?
Bai, pare batek, neu tartean, utzi egingo diogu jokatzeari eta beste batzuk sartu gura ditugu, taldea indartuko duten jokalariak.
Eta zelan da posible entrenatzailerik ez izatea?
Guztion artean lan eginda moldatu izan gara beti. Baina hemendik aurrera derrigorrez behar dugu taldea gidatuko duen norbait, eta formalidade apur bat jarri.
Gainera, kantxa berria estreinatuko duzue lehenengo mailan.
Bai, kiroldegi berrian jokatuko dugu. Hala ere jakin oso gustura egon garela Almen ikastetxeko kiroldegian, zaleen berotasuna oso gertu igartzen genuelako.
Kantxa herrian bertan egotea areto futbola ezagutzera emateko ondo etorriko da, ala?
Bai, hori bai. Gainera, areto futbolaren inguruko proiektu bat sortu gura dut: hirugarren mailan talde bat eratu, lehenengo mailarako jokalariak gertatzeko; gazteen taldea sortu; gaztetxoekin lanean hasi; eta nesken taldea ere gurako nuke.
Proiektu potoloa dirudi horrek…
Bai, baina egingarria dela uste dut. Jendea animatuz gero egingo dugu aurrera. Era berean, orain arte bidelagun izandakoak eskertu gura ditut: zaleak eta ikusleak; Arizmendi; eta Haizea taberna, babesle izan dugulako.