Euskeriaren Eguna musika zaparradarekin dator zapatuan

Mirari Altube Arrese 2012ko maiatzaren 24a

Ohi baino beranduago baina maiatza bukatu baino lehen dator Loramendi Elkarteak antolatutako Euskeriaren Eguna. Jai egun dotorea antolatu dute zapaturako, berrikuntza eta guzti, musika zaparrada hain zuzen. Herri bazkarirako txartelak oraindik badaudela iragarri dute –Taberna Berri eta Gurea tabernetan eta Loramendin– eta egunean bertan lan egiteko gertu dauden boluntarioak eskertuko lituzkete.

Herri inguruan egingo duten ibilbide historikoarekin hasiko dute eguna eta poliki-poliki jai giroa joango da nagusitzen antolatutako ekintzei esker: umeen tailerrak; gazteendako jolasak; trikitilariak; bertsolariak; eta txalapartariak. Herri bazkaria plazan izango da elkarteek gertatuta: entsalada, okela gisatua eta ijito besoa.
Bazkalostean jokoak egingo dituzte bertan eta umeek Munduan Berbena ikuskizuna izango dute. Bolatokian, ostera, bolo txapelketa jokatuko dute eta iluntzean Larrin dantzaren txanda izango da plazan. Bestetik, Hiruatx gobernuz kanpoko elkarteak eta Okila taldeak postuak jarriko dituzte.

Hona egitaraua:

  • 10:00 Herriko ibilbide historikoa (82. km-an hasita).
  • 11:00 Umeendako tailerrak.
  • 11:30 12 urtetik gorakoendako jolasak gaztelekuko kideek antolatuta.
  • 12:00 Trikitilariak herriko kaleetan.
  • 13:00 Bertsolariak eta txalapartariak plazan.
  • 13:20 Bertso+triki poteoa.
  • 14:30 Herri bazkaria plazan; ondoren jokoak.
  • 17:00 Umeendako 'Munduan Berbena' ikuskizuna, plazan.
  • 18:00 Bolo txapelketa bolatokian (elkarteen arteko olinpiadetarako puntuagarria).
  • 18:00-00:00 Musika zaparrada: 'Busti Hadi!' Mitarte kalean herriko musikarien eskutik.
  • 19:00 Larrin dantza plazan.


'Busti Hadi!' Musika Zaparrada

Aurtengo Euskeriaren Eguneko berrikuntza Musika Zaparrada da. Loramendi Elkarteko Sustapena Taldeko kideek antolatu dute, eta herriko musikari ezberdinak, euskaraz kantatuta, batuko dituen “kontzertua” da. Horrekin, kontzertuak eta orokorrean aisialdia euskaraz egin daitekeela erakutsi gura dute: "Musikan edo kantuan jarduten duten aretxabaletarrak euskaraz kantatzera animatu ditugu eta herritarrei erakutsi nahi zaie euskaraz kantatzea ez dela zaharkituta geratu eta euskara musika mota, estilo eta adin ezberdinetan erabili daitekeela", azaldu dute Sustapena Taldekoek.

Hala, 16 musikari nahiz talde animatu dira 18:00etan hasi eta gauerdia arte aretxabaletarrak girotzera: "Girotu, berotu eta musika mota ezberdinez zipriztinduko gaituzte". Musika sortzaileak, gainera, adin guztietakoak dira; estilo, erritmo eta martxa desberdinak lantzen dituztenak; eta "denak ilusioz eta gogotsu" ibili dira emanaldia prestatzen. Bakoitzak ordu laurden inguruko tartea edukiko du.

"Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, egile nahiz entzule izango direnei, euskara dakigunok, gure hizkuntzaren etorkizunean pieza estrategikoa baikara, eta kasu honetan euskaraz kantatu eta musika egiteaz eta entzuteaz harro sentitu behar gara. Euskararen etorkizunean geurea da giltza!", gaineratu dute antolatzaileek. Era berean, kartelaren diseinua egin duen Jon Campo eskertu gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak