Elikaduraren gaineko hausnarketa egin dute Kurtzebarri eskolako ikasleek

Mirari Altube Arrese 2012ko mai. 23a, 22:07

Martitzenean elkartu ziren Kurtzebarri eskolako ikasleen ordezkariak Ana Bolinaga alkate eta Lore Martinez ingurumen zinegotziarekin elikaduraren gainean egindako lanaren berri emateko. Eskola Agenda 21 barruan landu dute eta herri mailako azterketa egin ondoren jasotako emaitzak aurkeztu zizkieten, baita proposamen batzuk egin ere.

Elikagaien biodibertsitatea, bertako produktuen garrantzia, elikadura eta osasunaren arteko lotura eta beste hainbat kontu aztertu dituzte Kurtzebarriko 423 bat ikaslek azken hilabeteotan. Batetik, eskolako diagnostikoa egin dute, eta bazkaria ekartzen dien Ausolan enpresari elikagaien gaineko informazioa eskatu diote; gainera, kolore ezberdinetako edukiontziak jarri dituzte geletan hondakinak sailkatzeko.

Eta bestetik, herri mailako diagnostikoa osatu dute azterketa ezberdinak eginda: bertan ekoiztutako produktuen gainean galdetu; herritarren kontsumo ohituren gainean aztertu eta produktu ekologikoak non erosi behatu; sukaldari lanetan jardun; Basherri kontsumo taldea ezagutu; produktu transgenikoak ezagutu eta horiek identifikatzeko etiketak aztertu; eta munduan dagoen elikaduraren gaineko arazo larriaren gainean hausnartu.

Jasotako emaitzak aztertuta honako ondorioetara iritsi dira: herritarrek supermerkatuetan egiten dituztela erosketa gehienak, haragia izan ezik; janariaren jatorria beti ez dela ezagutzen baina ez zaiola garrantzirik ematen horri; baserritarrei gutxi erosten zaiela; etxean produktu transgeniko ugari ditugula; eta herriko dendetan produktu ekologikoak lortzea zaila dela.

Udalarendako proposamenak

Ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte tartean, bertako eta garaiko produktuak kontsumitzea eta azoka eta denda txikietan gehiago erostea. Eta eskolak ere hartu ditu konpromisoak horien artean gurasoendako hitzaldiak antolatzea.

Gainera, Udalari hainbat proposamen egin zizkioten martitzenean: azokak eta denda txikiak bultzatzea; herritarrei ortuak lantzeko aukera ematea; Basherri kontsumo taldea bultzatzea eta talde gehiago sortzen laguntzea; informazio eta hausnartze kanpainak egitea adibidez transgenikoen gainean, bertako produktuen gainean eta baserritarren egoeraren gainean; laguntzak ematea bertako produktuak lantzen dituztenei…

Alkateak eta zinegotziak egindako lana eskertu zieten eta eskaerak aztertuko zituztela esan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak