Hitzarmena sinatu dute Udalak eta Lanbide Eskolak gaika biltzeko zakarrontziak egiteko

Mirari Altube Arrese 2012ko mai. 15a, 12:52

Bi urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Ana Bolinaga alkateak eta Aretxabaletako Lanbide Eskolako zuzendari Amaia Aranzabalek eta hainbat konpromiso hartu, tartean langabeendako ikastaroak antolatzea eta hainbat proiektu garatzea. Udalak, bere aldetik, Lanbide Eskola ezagutarazten lagunduko du herri mailan.

Aretxabaletako Lanbide Eskolak hartutako konpromisoen artean daude:

  • Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Sailetik langabeei zuzendutako ikastaro proposamenak aurrera eramateko laguntza eta babesa.
  • Udalak antolatutako ekintzak garatzeko ikastetxeko gelak, tailerra eta aretoak uzteko edo alokatzeko erraztasunak ematea.
  • Udalak bideratutako hainbat proiektu eskolako tailerretan garatzeko aukera izatea bertako ikasle eta irakasleen laguntzarekin.

Udalak bere aldetik beste hainbat konpromiso hartu ditu; horien artean:

  • Lanbide Eskolako ikasleen laneratzeko bideetan babesa eta laguntza ematea Enplegu eta Garapen Ekonomiko Sailaren bitartez –curriculumak egin, aurkezpen eskutitzak landu, hitzaldiak…–.
  • Udaltzainek jasotzen dituzten abandonatutako autoak Lanbide Eskolara eramatea, bertan praktikak egiteko.

Sinatutako hitzarmena 2012-2014 urteotan egongo da indarrean eta bi aldeek hala gura izanez gero beste bi urteetarako berrituko dute.

Gaika sailkatzeko zakarrontziak

Hori horrela, Udalak dagoeneko eskatu dio lantxo bat Lanbide Eskolari: gaika sailkatzeko zakarrontziak egitea. Hemendik eta udara bitartean diseinatu egingo dituzte zakarrontzi horiek eskolako ikasle eta irakasleek, eta gero Udal ordezkariei aurkeztu. Oniritzia jasotakoan egiten hasiko dira; datorren ikasturtean izango da hori, irailean hasita Amaia Aranzabalek esandako moduan: "Ikasle bakoitzak halako zakarrontzi bat egin beharko du bere proiektua bukatzeko".

Materialaren kostua Udalak bere gain hartuko du, eta eskolako kideek ezagutza eta eskulana jarriko dute.

Goi eta erdi mailako teknikariak gertatzen

Aretxabaletako Lanbide Eskola, ALE, goi mailako lanbide heziketako institutua da eta lan mudurako gertatzen dituzte ikasleak. Hiru eratako prestakuntza profesionala eskaintzen du: hasierako prestakuntza; katalogoko prestakuntza; eta prestakuntza okupazionala. Hala, goi mailako eta erdi mailako teknikariak gertatzen dituzte, eta helburuetako bat da bailarako enpresei laguntzea, langileak behar bezala prestuta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak