Goizeko 11:00etan hasi zuten senior mailakoek froga eta ibilbideak dituen 8.410 metroak egiten azkarrena David Gartzia durangarra izan zen. Lasterketa, baina, lasai hasi zen, eta nahiz eta Otala Zelaitik Urkulura bidean taldeak sortu, taldeen artean ez zen alde handirik izan. Behin Urkulura heldu ostean, sailkapeneko lehenengo bost korrikalarien taldeak aldea atera zien beste partaideei. Talde horren barruan zeuden David Gartzia, Sergio Gartzia, Walid Qualid, Yerai Varela eta Gaizka Romero korrikalariak.
Lasterketak aurrera egin ahala, Yerai Varela eta Gaizka Romero atzean geratu ziren, eta David Gartzia durangarrak eraso egin eta bakarrik egin zituen Urkuluko azken metroak. Gero, Urkulutik Otala Zelairako aldapan, lasterketan bigarren eta hirugarren zihoazen Segio Gartzia oñatiarrak eta Walid Qualidek estutu, eta durangarrari segundo batzuk kentzea lortu zuten, baina bikoteak egindako ahalegina ez zen nahikoa izan David Gartzia harrapatzeko. Durangarrak 26 minutu eta 7 segundo behar izan zituen Otala Zelaiko krosak dituen 8 kilometro eta 410 metroak egiteko. Sergio Gartziak, txapeldunak baino bost segundo gehiago behar izan zituen eta Qualid durangarra baino 12 segundo beranduago heldu zen. Iazko kroseko irabazleak, Yerai Varelak, laugarren postuan bukatu zuen lasterketa.
Marisol Ramosentzat areriorik ez
Emakumezkoetan, berriz, Marisol Ramos izan zen azkarrena (32.54). Azken urteetan bezala, korrikalari oñatiarrak ez zuen areriorik izan, eta lasterketa lasaitasunez hartu zuela adierazi zigun. Emakumezkoen lasterketako azkarrenak konpainia onean egin zuen krosa, izan ere, bere semea izan zuen alboan. Bigarren postuan, eta ia hiru minutuko aldearekin, Mari Fran Alonso helmugaratu zen, eta hirugarrena, Idoia Velez de Mendizabal izan zen.
Gaztetxoak ere korrika
Seniorren froga hasi aurretik, Aretxabaletako gaztetxoek lasterketa egin zuten. Benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako gazteek froga desberdinak egin zituzten: txikienek 400 metro egin zituzten eta nagusienek, berriz 1.400 metroko ibilbidea bete zuten.
David Gartzia: "Azken aldapan sartzerakoan nekea nabaritzen da"
David Gartzia durangarrak ondo ezagutzen du otala zelaiko krosaren ibilbidea eta atzoko lasterketa Donostiako maratoi erdia prestatzeko froga polita dela esan zigun.
Nola joan da lasterketa?
Aurtengoan lasai hasi gara, nahiz eta aldapa behera izan. Lasterketako lehenengo kilometroak taldean egin ditu. Kilometroak pasa ahala hiru bakarrik geratu gara eta zubiaren ostean eraso egin eta bakarrik geratu naiz. Hori bai, azken aldapan lasterketa galtzeko beldurra izan dut, atzekoek asko estutu dutelako.
Azkenengo aldapa gogorra egiten da.
Oso gogorra egiten da, Urkulun oso arin joaten zara, eta azken aldapan sartzerakoan nekea nabaritzen hasten zara.
Bigarrenari tarte handia atera diozu.
Kilometro gutxiko lasterketa da hau eta momentu egokian eraso egin ezkero, oso erraza da tartea ateratzea. Hori bai, azkenean, lasterketa irabaztea da garrantzitsuena.
Behintzat aste barruko bero itogarria ez duzue izan.
Gorputzarentzat hobe da horrelako eguraldia, beroarekin nire gorputza makalago egoten da.
Marisol Ramos: "Niri ez zaizkit horrelako aldapak gustatzen"
Azken urteetan bezala, Marisol Ramos oñatiarrak parte hartu du Otala Zelaiko krosean eta, aurten ere, emakume azkarrena izan da.
Nola joan da lasterketa?
Oso gustura egin dut lasterketa, nire semearekin batera egin dut eta, konpe- tentzia handirik ez nuenez, oso lasai bukatu dut.
Konpetentzia gutxirekin, entrenatzeko aprobetxatu duzu?
Bai, hurrengo astean Donostiako maratoi erdia egin behar dut eta entrenatzeko froga egokia dela uste dut.
Azkenengo aldapa gogorra egin zaizu?
Egindako ibilbidearen ostean, gogorra egiten da;gainera niri ez zaizkit horrelako aldapak gustatzen.
Ez da aurten irabazten duzun lehenengo txapelketa…
Aste Santutan nire kategorian Europako txapeldun izan nintzen, gainera denbora ona egin nuen.
Zein da zure helburua Donostiako lasterketan?
Nire denbora jaistea da helburua, baina inork ez daki zer gertatuko den. Nire markarik onena gainditu ez arren, lasterketaz disfrutatzearekin konformatzen naiz.