Kiroldegiaren adjudikazio prozesua argitu gura izan du alkateak

Mirari Altube Arrese 2012ko maiatzaren 11

Kiroldegiaren kudeaketaren adjudikazio prozesua argi eta garbi azaldu eta EAJ alderdiak esandakoei erantzun gura izan diete Ana Bolinaga alkateak eta Tomas Fernandez Kirol zinegotziak.

Udalbatzak apirilaren 24an kiroldegi berriaren gainean hartutako erabakiak –kudeaketa LKS, Athlon eta Ondoan enpresek osatutako hirukoari ematea– haserrea eta harridura sorrarazi du hainbatengan. "Erabakiak zalaparta eragin du eta logikoa eta normala dela uste du Bilduk, ez delako erraza ulertzea nola puntu gehien lortu duen enpresa –Goiena Sport– garaile izatetik galtzaile izatera pasa den", diote. "Izan ere, pleguak ikusita, esleipenerako irizpideak arautzen dituen hamaikagarren klausula hain zuzen, puntu gehien atera duenak dauka esleipena lortzeko eskubidea". Horregatik, herritarrei argibideak eman guran, EAJ alderdiak GOIENAn egindako adierazpenekin ez datozela bat jakinarazi dute: "Erdi gezurrak direlako eta hori zerbait ezkutatu guran dabilen seinale delako". Eta "EAJk herritarrei eman gura ez dizkien argibideak kontatu gura dituzte".

"Kiroldegiko kudeaketaren ereduaren gaineko desadostasunek prozesuaren hasiera atzeratu zutela aipatzen dute EAJkoek, eta egia da", dio alkateak. "Erabaki horrek izan zezakeen garrantziaz jabetuz eta kontuan izanda udal jardunean sartu berriak ginela eta esku artean patata beroa geneukala, hausnarketari denbora eskaini behar izan genion". Eta gaineratu du: "Agian eurek ere, bere garaian, hausnarketari eman izan baliote bere tartetxoa, egun, Aretxabaleta ez zen egongo hipotekatuta datozen hamar urteotarako, edo?".

"Pleguak gertatzeko orduan euren ekarpenak ez zirela kontuan izan diote; berriz dituzte memoria arazoak", diote Bilduko kideek. "Izan ere, Bilduk ere bat egin zuen eurek proposatu eta defendatzen zuten kudeaketa eredu integralarekin". Eta galdetzen diete: "Eurak agintaldian egon direnean gainontzeko alderdien ekarpen guztiak onartu dituzte, ala? Beste alderdi politikoen ekarpenak ez onartzea gardentasun falta da? Horrela balitz, EAJ alderdiaren gardentasunik eza historikoa bezain larria da".

Puntu gehien duena irabazlea

"Kontratazio mahaiko lehendakaria neu izan naizenez eta Tomas Fernandez bokaletako bat, oso ondo dakizkigu mahai horrek hartu zituen erabakiak", dio Bolinaga alkateak. "Mahaiak, gainera, aho batez eta inolako eztabaidarik gabe onartu zuen erabakia: puntu gehien lortzen zuen proposamena izango zela mahaiak osoko bilkurara eramango zuena". Eta gaineratu dute puntu gehien lortu zuena Goiena Sport izan zela. "Tomasek eta nik Goiena Sporti eman genion puntu gehiago, eta, berriz, Olaia Sagredok, udal idazkariak eta kontu hartzaileak hirukoari. Eta denon emaitzak batuta Goiena Sport izan zen irabazle".

Kontratazio mahaian jaso ziren "puntuazioak muturrekoak" izan zirela dio alkateak; hau da: "Mahaiko kide batzuk hirukoaren guztiz alde zeuden eta beste batzuk Goiena Sporten guztiz alde. Eta ez zegoen iritziak hurbildu eta adostasunerako modurik". Era berean, Bildu alderdi barruan ere desadostasunak zeudela onartu dute, eta guztia kontuan izanda zera erabaki zutela: "EAJ eta Aralar alderdiei proposatu genien osoko bilkura baino lehen aditu baten balorazioa eskatzea".

Aventoren txostena

Hala, Avento kirol aholkularitza enpresarengana jo zuten: "Bagenekien Athlon enpresarekin zerikusia zuela Aventok, hainbat ikastaro eta topagunetan elkarrekin egon izan direlako. Nik beste enpresa bat hartzea proposatu nuen, baina denboraz oso estu genbiltzala gogorarazi zidaten hainbat hautetsik, eta Aventorekin aurrera egitea erabaki genuen", argitu du alkateak eta galdetu: "Denboraz estu beste aditu bat bilatzeko, baina denboraz soberan osoko bilkura atzeratzeko –EAJko zinegotzi bat kanpoan zen–?"

Baina Aventoren txostena jaso eta aztertzerakoan puntuen arteko batura ez zegoela ondo eginda konturatu ziren eta zuzentzeko eskatu zioten. Bigarren txosten bat jaso zuten orduan zuzenketekin eta bi enpresak oso berdinduta zeudela puntuetan argitu du alkateak. Hirukoa ematen zuten garaile hobekuntzen arloan (10 puntu guztira) 9 puntu jaso zituelako eta Goiena Sportek, ostera, 3 puntu. "Azalpenetan baldin badio biek pisuzko hobekuntzak proposatzen dituztela zergatik eman Goiena Sport-i 3 puntu bakarrik?" galdetzen du eta argitu hobekuntzen artean, Aventok garrantzitsutzat jo zuela honakoa: "Hirukoak lehenengo urteko galerak etorkizuneko irabazien kontura bere gain hartzea proposatu du". Baina alkateak dio ezin dela hori hobekuntza moduan zehaztu prozesua hasi aurretik lehiaketara aurkeztutako bi enpresek akta sinatu zutelako galerak bere gain hartuko zituztela ziurtatuz. "Galerak onartzea –"riesgo y ventura"– pleguetan dagoen baldintza garrantzitsuenetakoa da, hortaz, ezin da hobekuntza izan. Gainera, Aventorentzat hobekuntza zena Udalarendako esleitu barik uzteko arrazoia zen". Eta halaxe jakinarazi zuela dio: "Nik ezin ditut injustiziak onartu eta hobekuntza hori onartzea injustua zen. Baina Aventoko ordezkariarekin bileran egon ginenetatik –hainbat Udal langile eta zinegotzi– inork ez zuen ezer esan".

Hobekuntza horren puntuak kentzerakoan –3 puntu– Goiena Sport izan zen garaile 81,75 punturekin; hirukoa, ostera, 80,10-ekin geratu zen. Hala ere, Aventoren azken txostenak jaso zuen "ustiaketa eredu orokorra ez dagoela jasota egindako balorazioetan eta interesgarriagotzat jo dutela hirukoaren proposamena". Alkateak dio ez dituela ulertzen azalpenok: "Hau argudio bat?".

Ondoren berriro elkartu zen kontratazio mahaia eta bertako kideek ez zituzten iritziak aldatu. Hortaz, bozketa egin zuten zein proiektu eraman osoko bilkurara eta hirukoak hiru boto jaso zituen eta Goiena Sportek bi. Horregatik hirukoaren aldeko proposamena aurkeztu zen apirilaren 24ko osoko bilkuran.

Zurrumurruak gezurtatu

Bestalde, Bolinagak adierazi du jakinean dagoela zurrumurru asko ibili direla, tartean Goiena Sporteko kideekin egin zituela adjudikaziorako pleguak. Gezurtatu egin du hori: "Egia da prozesua hasi aurretik Goiena Sport-eko kideekin elkartu nintzela baina bideragarritasun plan bat eskatzeko izan zen. Eta debalde egin ziguten! Geroago jakin dut, kasualitatez, bideragarritasun plan bat dagoeneko eginda zeukala enpresa batek baina horren berri inork ez zidan eman!" Eta gaineratu du hirukoa osatzen duten enpresetako ordezkariekin ere elkartu izan dela: "Horiekin ere batzartu naiz udaletxean, baina antza hori ez du inork ikusi". Eta galdetu du: "Erdi gezurretan dabilenak, nahasmena sortarazi guran dabilenak zer ezkutatu gura du? Mahai-inguru batera gonbidatzen dugu edonor herritarrekin batera kiroldegiko kontutxoak argitzeko. Hor dago nire gonbidapena".

Kiroldegiaren aldeko apustua

Hala ere, nahasmen guztia ahaztu eta kiroldegira hurreratzeko deia egin du alkateak: "Irekiera data adosten gabiltza hirukoarekin, izan ere, denbora behar dute orain antolatzeko. Ulertu behar dugu hilabete edo hilabete eta erdi beharko dutela horretarako; eta gero animatu herritar guztiak bertara joan daitezen".

Laster erabiltzeko moduan

Informazio eta abonatze kanpaina laster jarriko du abian Udalak. Gainera, bisita gidatuak egingo dituzte "punta-puntako instalazioak ezagutzeko". Eta herritarrek uztailean hainbat egunean erabiltzeko aukera izango dutela jakinarazi dute: "Egokituta dagoen guztia egongo da ikusgai eta erabiltzeko moduan". Edozelan ere, irekiera data oraindik ez dute zehaztu, hirukoak denbora beharko duelako kontu guztiak lotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak