Bi enpresen artean erabaki behar izan dute: batetik, Goiena Sport eta bestetik, hiru enpresen artean osatu duten elkartea: LKS, Athlon eta Ondoan. Eta kontratazio mahaia osatu zuten urtarrilean bien proiektuak aztertu eta bat hautatzeko. Mahai horretako kideek iritzi bateraturik ez zuten lortu eta kirol aholkularitzan aditua den Avento izeneko enpresari balorazio inpartziala eskatu zioten.
Behin dokumentu guztiak esku artean kontratazio mahaiak hobetsi du LKS, Athlon eta Ondoan-ek osatutako hirukoa eta proposamen hori eroan zuen atzoko osoko bilkurara. Bilduko lau kide –Ana Bolinaga alkatea, Tomas Fernandez kirol zinegotzia, Zigor Quintanilla eta Maider Aizkorbe–, baina, ez ziren bat etorri; Goiena Sport-en alde egin zuten eta bestearen aurka bozkatu. Horren arrazoia izan zen puntu gehiago lortu zituela Goiena Sporten proiektuak.
Aventok egindako txostenak hiruko enpresa gomendatzen du nahiz eta puntuetan Goiena Sport nagusi izan. Hala, Edorta Mendieta Bilduko zinegotziak bi enpresak "berdinduta daudela esan daitekeela" adierazi zuen eta horren aurrean hiruko elkartearen proposamena dela "egokiena" Aretxabaletarako. Aralarko zinegotziak iritzi berekoak izan ziren "proiektu interesgarriagoa eta borobilagoa" dela hirukoarena esanaz.
Behin bozketa eginda onartu egin zuten proposamena Bilduko bi zinegotziren –Edorta Mendieta eta Lore Martinez– eta Aralarkoen botoekin. EAJko zinegotzi Mari Carmen Astigarraga, ostera, abstenitu egin zen "gestio txarra egin delako".
Abonatze kanpaina laster
Kiroldegiaren irekiera data ekaina izango dela iragarri zuen alkateak, nahiz eta eraikinaren azken ukituak guztiz bukatzea "kosta" Galdiano enpresari: "Maiatzean ukitu guztiak egiten bukatuko dutelakoan gaude eta gero Industria Saileko ikuskaritza pasatuko da oniritzia ematera. Tarte horretan, enpresa kudeatzaileak makinak erosteko denbora izango du eta ondo bidean ekainean zabalik izango da". Kiroldegi inguruko urbanizatze lanak ere oraindik egiteko daude baina hamar bat egunetan eginda egongo direla iragarri zuen, "onartuta daudelako".
Zabaldu aurretik abonatze kanpaina egingo dute. Adox diseinu eta komunikazio enpresa arduratuko da.
Tarifak*
(Hilabetekoak eurotan)
Izaera |
Aretxabaletan erroldatuak | Kanpokoak |
---|---|---|
Umea (3-13) | 14,04 | 15,12 |
Gaztea (14-17) | 21,60 | 23,76 |
Heldua (18-65) | 25,92 | 29,16 |
Nagusia (65 urtetik gora) | 17,28 | 18,36 |
Heldua + umea | 34,56 | 37,80 |
Heldua + 2 ume | 43,20 | 48,60 |
Heldu 2 + ume 1 | 51,84 | 58,32 |
Heldu 2 + 2 ume | 51,84 | 58,32 |
Heldu 1 + haur 1 + gazte 1 | 47,52 | 52,92 |
Heldu 1 + gazte 1 | 38,88 | 43,20 |
Heldu 1 + 2 gazte | 51,84 | 57,24 |
Heldu 2 + haur 1 + gazte 1 | 58,32 | 66,96 |
Heldu 2 + gazte 2 | 64,80 | 75,60 |
Nagusi 1 + heldu 1 | 43,20 | 47,52 |
Heldu 1 + 3 ume | 25,92 | 58,32 |
Heldu 2 + 3 ume | 25,92 | 58,32 |
Heldu 2 + ume 2 + gazte 1 | 29,16 | 66,96 |
Heldu 2 + ume 1 + gazte 2 | 32,40 | 75,60 |
Elbarriak | 6,48 | 7,56 |
Jarduerak | 10,80 | 10,80 |
*Matrikula gehitu behar zaie; behin-behinekoak dira. Horrez gainera, posible da beste aldaketa batzuk ere izatea.