Bartzelonako Laudate orfeoiaren kontzertua zapatuan, parrokian

Mirari Altube Arrese 2012ko apirilaren 26a

Aretxabaleta Abesbatzarekin egindako elkartrukeari esker datoz; parrokian abestuko dute (20:00). Domekan, ostera, Iruñera doaz aretxabaletarrak, Nafarroako Unibertsitate Klinikaren 50. urteurren ospakizuneko meza kantatzera.

Zapatuan, hilak 28, Bartelonako Orfeó Laudate abesbatzak kantatuko du Andre Mariaren Zeruratzearen parrokian (20:00). Udalaren babesarekin eta Aretxabaleta Abesbatzarekin egindako elkartruke programa bati esker dator talde kataluniarra gurera, eta aste bukaera osoa pasatuko du Euskal Herrian. Donostia eta Bilbo inguruak bisitatuko dituzte, eta domekan, Loiolako santuegian meza kantatu (12:00). Aurrerago aretxabaletarrak joango dira Bartzelonara bisita itzultzera.

70 urteko ibilbidea

Bartzelonako Orfeó Laudate abesbatza Àngel Colomer i del Romero (1915-2001) maisuak sortu zuen 1942ko ekainean musika erlijiosoa lantzeko asmoarekin. Sortu eta berehala beste musika alor batzuetara zabaltzea erabaki zuten, eta munduko eta batez ere Kataluniako musika herrikoia lantzen hasi ziren. Ildo horretatik tradizio kataluniarraren edertasuna aldarrikatzen egin dute lan eta Kataluniako historian esanguratsuak izan diren hainbat ospakizunetan hartu izan dute parte. Hainbat bakarlari ezagunen laguntza izan dute, gainera, 70 urteko ibilbidean.

Europan zehar hainbat herrialdetan abestu du Orfeó Laudatek, tartean, Alemanian, Austrian, Frantzian eta sarri bisitatu izan duen Galesen. Kataluniako Generalitat-ek Ohorezko Saria eman zion 1992an, abesbatzaren 50. urteurrenean, kultura zabalkundean egindako lanagatik.

Kataluniako kantu popularrak

David Malet zuzendariaren gidaritzapean bi eratako abestiak kantatuko ditu gurean Bartzelonako abesbatzak: batetik, John Dowland (Ingalaterra, 1563-1626) konposatzailearen lanak, eta bestetik, Kataluniako musika popularrari dagozkion kantuak; horien artean daude: Muntanyes de Canigó (Nadal Puig), El testament d’Amèlia (Enric Morera) eta El rossinyol (Antoni Pérez-Moya).

Domekan Iruñera

Bestalde, domekan, Iruñera joango da Aretxabaleta Abesbatza Nafarroako Unibertsitate Klinikaren 50. urteurren ospakizuneko meza kantatzen (12:00). Espainiako 4.000tik gora lagunek parte hartzea espero da, eta aretxabaletarrek gregorianoko eta polifonia sakratuko lanak interpretatuko dituzte, besteak beste, Mozartenak, Haendelenak eta Otañorenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak