Antolatzaileen arabera, tailerren helburua da "jolastea, artea eta sormenaren bitartez talde partaidetza bultzatzea, garapen pertsonala zein taldekakoa, barruan daukagun haurra ateratzea eta azken finean inguru hauetan diziplina anitzeko inprobisazio edo jam saioak egiteko pertsona taldea sortzea".Tailer zikloa bukatutakoan arlo ezberdinetako partaideak elkartu eta jam saioak adostea da Jaiki elkartearen asmoa: "Hilean behin hitzordua egin eta, dinamizatzailerik gabe, diziplina anitzeko bat-bateko sorkuntzari ekin nahi diogu".
Zapatu arratsaldetan
Zapatu arratsaldetan, 16:00-19:30bitartean izango dira saioak. Lehenengoa, pintura jam saioa, zapatuan izan zen, Laia Bedósen eskutik.
Bigarren saioa maiatzaren 5ean egingo da: dantzaren inguruko inprobisazio saioa izango da Carla Fernandezen eskutik. Hirugarrena, maiatzaren 12an egingo da: Iurgi Etxebarriarekin bat-bateko antzerkia egiten arituko dira. Azken saioa, berriz, musikaren gainekoa izango da, ekainaren 2an: Aitor Zenarrutzabeitiak partitura zurian dagoela musikarik hunkigarriena sortzen lagunduko du. Azken hiru saiook Arkupeko dantza lokalean izango dira. Izena emateko deitu 943 53 43 96 telefonora edo idatzi jaikielkartea@yahoo.es helbidera. Saio bakoitzak 15 euroko kostua du.