Herri lagunkoia ote den Aretxabaleta hausnartuko dute erretiratuek

Mirari Altube Arrese 2012ko apirilaren 20a

Hiriak eta ingurune lagunkoiak berbaldia antolatu du Basotxo erretiratuen elkarteak apirilaren 26rako; Izaskun Maria Ortiz Martinez adituak bideratuko du eta Aretxabaleta herri lagunkoia den aztertuko dute.

2012a Zahartze Aktiboaren eta Belaunaldi Arteko Solidaritatearen Europako Urtea da eta apirilaren 29a hori gogorarazteko eguna. Hori horrela, Basotxo erretiratuen elkarteak zahartze aktiboaren gaineko hausnarketa bultzatu gura du eta Aretxabaleta herri lagunkoia den aztertu.

"Herritar guztiek eta batez ere, guk, nagusiok, garapen pertsonalerako ahalik eta aukera gehien izatea gura dugu. Eta horretarako herri lagunkoian bizitzea beharrezkoa da", diote Basotxoko kideek. Ildo horretatik zera galdetu gura dute: "Aretxabaleta lagunkoia da?". Horixe aztertuko dute datorren eguenean: "Baina aurretik hainbat kontzeptu ezagutzea komeni zaigu", diote. Hain zuzen Kutxaren bitartez datorren Ortiz Martinez adituaren laguntza izango dute horretan; hark azalduko die: zer den zahartzaro aktiboa; herri eta ingurune lagunkoien ezaugarriak zehaztu; EAEko herri lagunkoiak aurkeztu; eta Interneten horren gaineko argibideak topatzeko jarraibideak eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak