Gazteen eta helduen arteko jakituria trukatzeko saioak maiatzean

Mirari Altube Arrese 2012ko apirilaren 20a

Gazte eta helduen arteko jakituria trukatzeko ikastaroak antolatu ditu Udalak. Maiatzean egingo dituzte; horietako bitan teknologia berrien gaineko kontuak erakutsiko dizkiete gazteek helduei, eta beste bitan, sukaldaritza eta erremedio naturalen gainekoak erretiratuek gazteei. Izenematea zabalik dago apirilaren 26a artean; Arkupera, udaletxera edo Basotxo erretiratuen elkartera jo daiteke.

Ikasi, elkarbanatu, hazi, komunikatu leloarekin gazte eta helduen arteko jakituria elkarbanatzeko egitasmoa jarri du abian. Horrekin hiru helburu lortu gura dituzte: belaunaldien arteko jakituriaren trukaketa; belaunaldien arteko komunikazio bidea zabaltzea; eta auzolana sustatzea. "Izan ere, krisi sasoian ezinbestekoa da auzolana bultzatzea eta beste herri batzuetan izandako esperientziak ezagutu ondoren erabaki dugu geurean antolatzea", dio Maider Etxaniz Gazteria teknikariak, eta gaineratu du: "Gazteek teknologia kontuetan badute zer irakatsi helduei; eta alderantziz, sukalde kontuen eta erremedio naturalen jakitun dira helduak. Horregatik, eta beti ere ikasteaz eta irakasteaz gain ondo pasatzeko asmoarekin jarri gura dugu abian egitasmoa".

Hala, lau saio antolatu dituzte maiatzerako. Horietako bi izango dira erretiratuek gazteei emandako ikastaroak eta Basotxo erretiratuen egoitzan egingo dituzte; eta beste biak izango dira KZgunean, teknologia berrien gainean gazteek helduendako gertatutakoak, hain zuzen.

Hona egitarau guztia:

Erretiratuek gazteei emango dizkieten ikastaroak:

  • Maiatzak 3 (18:00-19:30) Basotxo

Sukaldaritza: haragi-bolak, paella, bakailaoa…

  • Maiatzak 17 (18:00-19:30) Basotxo

Erremedio naturalak: ukenduak…

Gazteek erretiratuei emango dizkieten ikastaroak:

  • Maiatzak 10 (18:00-19:30) KZgunea

Telefono mugikorrak: mezuak bidali, argazkiak atera…

  • Maiatzak 24 (18:00-19:30) KZgunea

Internet: egunkaria irakurri, intereseko kontuak topatu…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak