Beñat Zamalloa aretxabaletarraren eta Maialen Arratibel arrasatearraren burutazioak forma hartu zuen urtarrilean eta lehen ikuskizuna eskaini zuten orduan Aretxabaletan bertan. Ordutik hona indarra hartzen joan da proiektua eta hiru hilabete geroago Bartzelonan aurkeztuko dute kontakizun musikatua. Hiru emanaldi egingo dituzte; horietako bi euskaraz eta katalanez izango dira eta azkena, Euskal Etxekoa –Literaldien barruan aurkeztuko dutena– euskaraz bakarrik. Hona datak:
- Apirilak 26, eguena (19:30): ETSAB 'Setmana de dia'
- Apirilak 27, egubakoitza (20:00): Casal de Joves de Gracia
- Apirilak 28, zapatua (20:00): Euskal Etxea
Bartzelonara joan aurretik, astean bertan, bi emanaldi dituzte:
- Apirilak 20, egubakoitza (15:15), Arizmendi ikastolako Almen gunean: gaztetxoendako emanaldi berezia
- Aprilak 21, zapatua (19:30): azken hilabeteko lanketekin eta berrikuntzekin helduendako emanaldia
Taldekideak
Zast! kontakizuneko lantaldea berritzen joan da; hona Bartzelonara joango diren kideak: Maialen Arratibel gitarran eta ahotsetan; Leire Elustondo pianoan eta ahotsetan; Iñaki Kortazar perkusioan; Beñat Zamalloa narratzaile; eta Eñaut Zubizarreta txeloan.
Aretxabaletako emanaldia izan zen ofizialki emandako lehenengoa eta halaxe azaldu zuen proiektua orduan, Zamalloak: "Askotariko testuak daude ipuinez gain, horregatik da kontakizun musikatuen ikuskizuna. Zast! izena jarri diogu ikuskizuna borobiltzen duen ideia saski-naskiarena delako. Gure buruak diren saski-naski horretan dauden hari, orratz, artazi eta abarretatik atondutako ideiak, gogoak, doinuak eta letrak sortu eta bateratu ditugu".
Emanaldi haren ostean etorri ziren Arrasateko gaztetxean eta Eskoriatzako Ibarraundi museoan. Kontakizunak, gainera, uneoro berritzen eta egokitzen dituzte.