Udal gobernua utzi du Aralarrek

Mirari Altube Arrese 2012ko martxoaren 27a

Iazko ekainean Bilduk eta Aralarrek egindako koalizioa bertan behera geratu da. Aralar izan da udal- koalizioa apurtu eta harremanak eten dituena, eta erabakiaren berri atzo, astelehena, eman zion Gobernu Batzordeari.

"Hilabete hauotan agintean egon bagara ere, batere elkarlanik ez da egon, eta konfiantza faltak bi taldeak urrundu egin ditu", azaldu dute Aralarko kideek. Agintaldian zehar egindako kudeaketaren balorazioa egin ostean zera gaineratu dute: "Egunak joan egunak etorri egoera aldatzen eta hobetzen ez dela ikusita, nork bere bideari jarraitzea erabaki du Aralarrek".

Hala, Aralarrek dituen hiru zinegotziak, Inaxio Garro, Olaia Sagredo eta Joxeangel Antxia, oposizioan egongo dira hemendik aurrera. Hala ere lanean jarraituko dutela esan dute: "Oposiziora pasatu arren, Aretxabaletaren aldeko ekarpenak egiten jarraitzeko konpromiso, borondate eta erantzukizun osoa du Aralarrek beste behin, iazko udal-hauteskundeetan ia 800 aretxabaletarrek erakutsitako konfiantzari erantzunez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak