Gaur egun, zortzi lagun dira kofradiako batzordea osatzen dutenak: Ibon Agirre, Gorka Etxabe, Oier Etxebarria, Olaia Etxenausia, Iraide Iturbe, Ramon Iturricastillo, Mireia Olabe eta Mertxe Ziardegi.
Zerbitzua hobetzea eta bazkide berriak egitea da haien helburua. "Gaur egun, hileta batek eragin dezakeen zerbitzu minimoa eskaintzen du San Martin Kofradiak Funeraria Arrasate enpresaren bitartez. Gero 500 euroko diru-laguntza bat ematen dugu, norberak egindako gain zerbitzuei aurre egiteko. Guztira, 1.500 euro".
Urteroko kuota kofradiako bazkide bakoitzeko 20 euro da. Hala ere, kofrade berriek alta emateko zenbateko bat ordaindu beharko lukete, kasuan kasu.
Onurarik gabeko elkartea
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Aretxabaletako San Martin kofradia: "Beste aseguru etxeekin alderatuz gero, gu askoz ere merkeagoak gara, ez baitugu kofradian onurarik bilatzen. Adibide moduan, 40 bat urteko bikote batek, bi semerekin, kofradian 80 euro ordaintzen du urtero eta aseguru etxe batzuetan 200 eurotik gora ordaindu beharko lukete".
Esan bezala, bazkide berriak lortzeko kanpainan dira kofradiako batzordekoak: "Familia asko identifikatu ditugu beraien gurasoen onurapean daudenak kofradian, nahiz eta familia propioa eratu duten. Ez daude datuak eguneratuta, eta kanpaina hau aprobetxatu nahi genuke datu guztiak eguneratzeko. Zortzi urtetik beherako seme-alabek ez baitute sarrerako kuotarik ordaindu beharrik izango".
Aretxabaletara bizitzera etorri diren pertsonei ere zerbitzu honen berri eman nahi diete, kofradiako kide izatearen onurak azaltzeko.
Zerbitzuak gaurkotu
Esandako moduan, zerbitzuak gaurko egoerara egokitzea da helburuetako bat. Besteak beste, ekitaldi zibilak abian jartzeko gestioak egiten dihardute azkenaldian: "Udalak badu arlo horretan ordenantza bat, hiletak Felix Iñurrategi parkean egitea jasotzen duena, eta megafonia zerbitzu bat ere eskatu dugu horiek burutu ahal izateko. Eta, horretaz gainera, aprobetxatu nahi dugu komentatzeko litekeena dela aurten guri zerbitzua eskaintzen digun Arrasateko ehorztetxeak Aretxabaletan irekitzea zerbitzua. Horixe da asmoa, behintzat".
Bilera irekia martitzenean
Datorren martitzenean, hilaren 27an, 18:00eta, kultura etxeko bigarren solairuan izango dira, informazioa jaso nahi duen edonori laguntza emateko asmoz eta bazkide berriak harpidetzeko asmoz. 18:00etatik 20:00etara izango dira herritarrei zalantzak argitzeko gertu, eta parte hartzeko gonbidapena egin diete kofradiako batzordeko kideek herritarrei.
Era berean, San Martin Kofradiarekin interesa dutenek ere e-postaz eska dezakete informazioa: getxabe@arteman.org.