Ilusioz eta poztasunez hartu zuen alkate ardura Ana Bolinagak ekainean eta martxoaren 9az geroztik jardun osora dago udaletxean. Gai asko eta mardulak darabil eskuartean, horien artean garrantzitsuenetakoa kiroldegi berria. Zabaltzekotan dagoela jakinarazi zien herritarrei Goiena telebistako Harira saioan.
Eta herritarrek kiroldegia ikusteko aukera izango dutela aurreratu zuen, ordaindu aurretik. Hain zuzen tarifak dira herritarren kezka eta zera argitu zuen alkateak.
Tarifa horiek kiroldegiko zerbitzua kudeatuko duen enpresak ezarriko ditu eta enpresa hori astelehenean hautatuko du udalbatzak osoko bilkura eginda.
Hiri hondakinen batzea da herritarren kezka iturri azken hilabeteotan eta atez ateko zabor batze sistema ezarriko dela Aretxabaletan datorren urtean jakinarazi zuen.
Eta hain zuzen, hondakin batze sistema egokiena dela iritzita eta birziklatu beharra dagoela ikusita ez dutela herri galdeketarik egingo aurreratu zuen.
Bestalde, Arkupe kultura etxearen jardunarekin pozik azaldu zen baina hori kudeatzen duen enpresari ez diotela kontratua berrituko argitu zuen.
Eta herritarren sormenari egin gura diotela lekua Arkupen, gaineratu zuen.
Onartu zuen krisi sasoian inbertsiotarako dirurik ez dela geratu baina lau urte dituztela aurrez aurre eta poliki-poliki proiektutxoei helduko dietela gaineratu zuen, tartean Murubideko plaza, skate parkea eta bidegorria.