Zer da Eskua Proiektua?
Igorrek eta biok pentsatu genuen gizartea aldatzeko tresna ona zela futbola, eta hortik sortu zen gure proiektua; umeak haztea eta heztea da asmoa, baina futbola erabilita. Hain zuzen, hortik dator Eskua izena: Errespetua Sustatzeko Kirola Ulertuz Aretxabaletan. Eskua hartu dugu sinbolo gauza asko egin daitezkeelako: eman, besarkatu, txalotu... Orain dela urte bi inguru hasi ginen lanean, baina aurten sartu gara bete-betean.
Zeintzuk dira helburuak?
Gerora gizartean aginduko duten ume eta gazteek balio batzuk izan ditzatela gura dugu. Balio horiek, baina, nahastuta daudela uste dugu, bai kirolean, bai gizartean, eta indartzea da asmoa. Alderdi fisikoa, teknikoa eta taktikoa beti landu izan ditugu, eta orain, Eskua proiektuarekin, emozionala ere sartu gura dugu; horrela, laurek bat eginda etekin handiagoa aterata. Hortaz, emaitza da gazteen hobekuntza eta tresnak dira gurasoak, entrenatzaileak eta UDA.
Goi mailako futbolean, askotan, balio horiek ez dira antzematen…
Bai. Badakigu zeintzuk diren balioak, baina nork bere erara ulertzen ditu, eta Aretxabaletako umeek horiek argi izatea gura dugu. Ildo horretatik eskola bat sortu gura dugu, eta adin bakoitzaren beharrei erantzun.
Eta zelan lantzeko asmoa duzue?
Aztertzen eta gertatzen gabiltza, datorren urteari begira, adin tarte bakoitzarekin zer landu eta noraino jakiteko; izan ere, adimen emozionala era ezberdinean landu beharra dago umeekin eta gazteekin. Orain arte ez dago ezer eginda, eta hasten gabiltza. Emozioei eskainitako orduak entrenamendu orduen barruan sartu gura ditugu, gainera.
Baina Eskua Proiektua orain ere bazabiltzate lantzen…
Bai, bai. Futbol eskolako umeekin, batez ere, errespetua gabiltza lantzen, balio garrantzitsuenetakoa delako. Horrekin batera, euskara eta ingurumena ere garrantzitsuak dira guretzat. Haur edo infantiletatik gora euskara eta ingurumena landuko ditugu, baita drogak ere. Betiere, ahaztu barik alderdi fisikoa, taktikoa eta teknikoa.
Ez dakit jendeak ondo ulertuko duen proiektua, futbolean irabaztea da-eta garrantzitsuena.
Argi utzi gura dugu gure proiektua ez dagoela irabaztearen kontra; geu ere irabazle amorratuak gara, baina ez edozein preziotan. Orain dela urte batzuk, partidu bat galduz gero haserre joaten nintzen beti Ibarratik; orain, ostera, beste hausnarketa bat egiten dut: galdu egin dut, baina haserretuta ez dut ezer lortuko; konponbidea topatu behar dut, eta horretarako tresnak jarri.
Zelako erantzuna jaso duzue ume eta gazteen aldetik?
Oso gustura gaude. Txikienak hasieran harritu egin izan dira, egoera berria delako futbol zelaitik kanpo lantzea futbol kontuak, baina oso ondo erantzun dute.
Gazteek hainbat hitzaldi izan dituzte (drogak, elikadura…) eta jarrera ona erakutsi dute. Hala ere, jarraipena behar dute horiek, bestela, ahaztu egiten zaie-eta.
Gurasoak ere sartu gura dituzue proiektu horretan, ezta?
Bai, gurasoa delako umearengan zeresan handiena duena. Horregatik, umeen onerako, elkarrekin egin behar dugu bide hori. Hain zuzen, gurasoendako hitzaldi bat izan genuen aditu batekin, eta hark zioen partidu egunean umea urduri egoten dela; hortaz, gurasoak ez diezaiola tentsio hori handitu.
Eta emaitzak noiz ikusiko dituzue?
Kirol arloko emaitzekin oso lotuta joango direla uste dut. Lehiakortasuna galdu barik egin behar dugu lan, eta bi alderdietan emaitza onak lortu, kirolean eta emozionalean. Uste dut emaitza txiki batzuk dagoeneko ikusten gabiltzala: txartel gutxiago, elkarren arteko harreman hobeak, entrenatzaileen jarrera ezberdina... Hala ere, izugarrizko lana dago egiteko oraindik.
Denboraldia bukatu bitartean zein ekintza egingo dituzue?
Mikel Uribetxebarria Aldalurrekin coaching-aren bitartez motibazioa landuko dugu alebin, kadete eta haurrekin. Txikienekin, ostera, birziklapenaren gainean jardungo dugu, eta, horretarako, ontziak jarri Ibarran. Eta hainbat hitzaldi ditugu: epaileen ikuspuntua azaltzeko; jokalari nagusien bizipenen berri emateko…