Azken minutuan eraman du UDAk Aloñaren aurkako derbia

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 18a

"Piru" Oruetaren gol bikain batek erabaki du gaur arratsaldean Ibarran jokatutako derbia. Bi taldeek markagailua zabaltzeko aukerak izan dituzte bigarren zatian, baina etxekoak izan dira ate aurrean asmatu duten bakarrak.

Talde bien bufandak jantzita zeramala eta partidua amaitzear zela, oihuka ari zen Manolo Vieites Oñatiko jarraitzaile ezaguna: "¡¡¡Esto parece un partido de amigooos!!!".

Eta orduan iritsi da partiduko gol bakarra, derbia UDAren alde erabaki duena: Piru Oruetak area ertzetik sekulako gola egin du, etxeko zaleen gozamenerako. Partidua berdinketarekin amaitu zitekeen, baina etxean geratu dira hiru puntuak. Kolpe latza oñatiarrendako; esku hutsik joan dira Ibarratik.

Aloñak izan ditu gol aukerak baita (horietako bat golaren aurretik justu), baina azken metroetan ez dute asmatu. Kiroltasunez, Aloñako jokalari bat baino gehiagok zoriondu du Piru Orueta aldageletara bidean. Golak merezi zuen, bai.

Bigarren zatia ikusgarriagoa

Lehen zatia nahiko aspergarria izan bada ere, Oxel Apraizek izan du gol aukerarik onena, 40. minutuan. Area ertzetik ezkerraz jaurti, eta Aloñako atezainak baloia justuan ukitu ondoren, zutoinean jo du. Bigarren zatia ikusgarriagoa gertatu da.

Olaldek ez du asmatu korner  bat buruz erramatatzerakoan, 65. minutuan, eta 73. minutuan Iker Sanchezek barnealdi polita egin du baina kanpora joan zaio errematea. Aulkitik zelairatutako Sanchez eta Piru Orueta erabakigarriak izan dira etxekoendako. Sanchezek 2-0ekoa egiteko zorian egon da luzapenean: bi jokalari atzean utzi eta, ate aurrean, bakarrik, Aloñako atezainak urrundu du baloia.

Omenaldia atsedenaldian

Atsedenaldian, Gorka Iturbe eta Iñaki Uribetxeberria jokalari ohiek eta Angel Zubillaga zuzendaritzako kide ohiak UDAko intsignia jaso dute Juan Mari Enekotegi eta Jabi Azpiazu UDAko eta Aloñalo presidenteen eta Nerea Zubillaga zuzendaritzako kide eta Angel Zubillagaren alabaren eskutik.

HAMAIKAKOAK

  • Aretxabaleta: Agirregabiria, Oianguren (Eraña, 68 m.), Etxabe, Arriaran, Kerman, Gilen Mar, Badillo, Arrizabalaga (Orueta, 68 m.), Oxel Apraiz, Perez (Arrizabalaga, 80 m.) eta Hernandez (Iker Sanchez, 50 m.).
  • Aloña Mendi: Aginagalde, Bengoa (Martin, 69. m.), Endika, Olalde, Mendoza, Millas (Zubia, 69 m.), Idigoras, Palacios, Juaristi (Lizarra, 85 m.), Bikuña (Garmendia, 76 m.) eta Ugarte.
  • Bestelakoak: Epailea, Estebanez. Aloñako Bengoa, Endika eta Millasi eta UDAko Oxel Apraiz eta Gilen Marri atera zien txartela. Atsedenaldian, Gorka Iturbe eta Iñaki Uribetxeberria jokalari ohiek eta Angel Zubillaga zuzendaritzako kide ohiak UDAko intsignia jaso zuten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak