Hainbat herritarrek orain hilabete batzuk iragarri zuten zer gertatuko zen eta poltsa horiek lehenbailehen kentzeko deia egin zien Udalari. Batzuk kendu zituzten orduan, tartean Belorrieta auzoan Pausoka alboan zegoena, baina guztietara ezin izan dira iritsi oso altu daudelako: "Ahalegindu gara kentzen, baina zuhaitz puntetan egiten dituzte eta ezin iritsi guztietara. Udaletxeko lorategian dagoen zedroan esaterako, oso altu dago, eta garabi bat beharko litzateke. Hori, baina, oso garestia da", argitu du Lore Martinez ingurumen zinegotziak.
Herritarrak kezkatuta
Aurten, sekula baino goizago agertu dira harren poltsak pinuetan, udazken inguruan hain zuzen. Eta "sekula baino gertuago", herriko hamabi bat zedrotan atzeman dituztelako.
Herritar horiek uste dute erakundeek ez diotela behar besteko garrantzia eman arazoari: "Udalak eta Aldundiak zein neurri hartu dituzte? Gure herriak poltsadun pinuekin inguratuta daude, eta Aretxabaleta barruan ere gero eta zuhaitz gehiagotan agertzen dabiltza; lehenbailehen kendu ezean, gainera, zabaltzen joango dira", iragarri dute.