Agustin Aginagalde izendatu dute Basotxo erretiratuen elkarteko presidente

Mirari Altube Arrese 2012ko martxoaren 12a

Batzar orokorra egin zuen martxoaren 8an Basotxo erretiratuen elkarteak eta urteko egitasmoen berri eman zieten zuzendaritzako kideek elkartutakoei. Batzordean aldaketak egin dituzte gainera, eta Xabier Urtzelaik utzitako presidente ardura Agustin Aginagaldek hartu du.

961 bazkide ditu elkarteak eta guztiak zeuden deituta batzarrera; hala ere, 25en bat bakarrik elkartu ziren. Xabier Urtzelai presidenteak iaz egindakoen berri eman zuen lehenengo, eta horien artean nobedadea izan da herriko kontuetan parte-hartze handiagoa izan dutela. "Beste elkarte gastronomiko bat gehiago bagina bezala hartu dugu parte elkarte arteko mus txapelketan eta Loramendi elkarteak antolatutako txapelketetan". Bestalde, Basotxoko abestaldeak Euskararen Eguna, Santa Ageda eguna eta beste hainbat egun girotu ditu.

82.000 euro pasatxoko aurrekontua

Pedro Etxebarria zuzendaritzako kideak ondoren, 2012rako dituzten asmoen berri eman zien elkartutakoei. Lau helburu zehaztu zituen: bazkide kopurua igotzea; tabernari protagonismo handiagoa ematea topagune moduan (bingoa jarri, dantzaldiak antolatu…); Udalarekin harremana estutzea; eta lanerako batzordeak osatzea, tartean kultura batzordea.

Eta antolatuko dituzten ekitaldien artean daude: hitzaldiak –immigrazioaren gainekoa martxoaren 15ean, Arkupen–; ikastaroak –tai txi eta txi kung, dantza…–; eztabaida mahaiak –atez ateko zabor bilketaren gainean…–; mahai-jokoak; irteerak… Eta aurten mendi ibilaldiak indartu gura dituzte.

Horiek guztiak egiteko 82.000 euro pasatxoko aurrekontua onartu zuten eta horren barruan 5.300 euro inguru inbertsioak egiteko gorde dituzte. Ez zuten zehaztu zertarako izango den diru hori, baina aipatu zituzten: egoitzako txokoa txukuntzea; mahai futbola, billarra edo antzeko zerbait jartzea...

Agustin Aginagalde presidente

Bukatzeko, zuzendaritza batzordea berritu zuten. Hiru lagunek utzi dute: Xabier Urtzelai presidenteak; Jesus Osinaga presidenteordeak; eta Ciriaco Sandoval diruzainak.

Horien ordez sartu dira: Agustin Aginagalde (presidentea); Antonio Priego (presidenteordea); Karmelo Mendikute (mendi ibilaldien arduraduna); Dalmacio Garcia (jokoen arduraduna); eta Jabier Arando (diruzaina). Agustin Aginagaldek egunotan hartuko du erretiratuen elkartearen gidaritza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak