Diskoak jartzea gustuko duzu. Noiztik zaletasun hori?
Orain dela bost urte inguru hasi nintzen, 20 urte-edo nituela. Orduan, biniloarekin hasi nintzen, eta orain, ordenagailua erabiltzen dut. Beti gustatu izan zait asko musika. Lehen, gitarra jotzen nuen, eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako beste hainbatekin batera taldetxo batean bertsioak egiten nituen; dagoeneko desagertuta dago taldea. Denborarekin, musika estilo bat eta beste entzuten joan nintzen; tartean, elektronika. Azken hori asko gustatu zitzaidan, eta, horrenbestez, horrekin hastea erabaki nuen.
Disko-jartzaile ibiltzen zara hara eta hona, ezta?
Hala da. Joan den asteburuan, esaterako, Andorran egon nintzen, lagun batzuen sagardotegian; eta Euskal Herrian ere nahikotxo ibiltzen naiz. Esaterako, hemendik bi astera Txitxarron jarriko ditut diskoak. Oso gustura nabil zeregin horretan.
Diskoak jartzeaz gain, bestelako disko-jartzaileen lana ezagutzeko bidaiatu ere egin duzu...
Bai, horrelaxe da. Eivissan (Ibiza) eta Alemanian egon gara DJen lana gertutik ezagutzen. Toki horietan jo gurako nuke, baina ateak zabalik izateko musika ona ekoiztu behar da; estudioan sartu eta musika ona egin behar da, eta horrek denbora luzea eskatzen du. Dagoeneko hasi naiz: lagunen arteko lokala gertu daukagu horretarako, eta ordu asko sartzen ditut, dedikazioa eskatzen du; dedikazioa, baita inspirazioa ere. Agian, egun batean, zortzi ordu egon naiteke estudioan sartuta eta ez dut ezer egiten, eta beste batean, ordubetean askoz gehiago egiten dut.
Inspirazioaz gain, zer izan behar du disko-jartzaile on batek?
Egokitzen jakin behar du. Esaterako, leku batera joan naiteke diskoak jartzera, eta, orduaren arabera, giroa guztiz ezberdina izan daiteke. Lehenengo, teknika menperatu beharra dago, abestiak bata bestearen atzetik ondo jartzeko; bestetik, egokitzapena dago; eta azkenik, gustu musikal ona izatea. Nik uste dut hori dela garrantzitsuena.
Nolakoa da zure gustu musikala?
Technoa, house eta minimal oinarri moduan hartzen ditut; nik uste dut horien fusioa dela beste guztia. Elektronika guztiz nahastuta dago gaur egun.
Musikari dagokionez, nola ikusten duzu Debagoiena?
Gurako nuke jendeak beste ikuspegi bat izatea elektronikaz. Askotan entzuten dut beti berdina dela; eta hori ez da horrela. Horren inguruan ezjakintasuna dagoela iruditzen zait. Horretaz gainera, jendeak ez du onartzen musika estilo hori gustatzen zaiola, kanpokoek zer esango duten begira dago. Poliki badoa ere, oraindik aurreiritzi asko daude Debagoienean elektronikaren gainean. Dena dela, Arrasateko gaztetxean bi festa antolatu ditugu eta oso harrera ona izan dute.
Zaletasunetik oraindik ezin zara bizi, eta, hortaz, irakasle diharduzu, ezta?
Bai. Aurten Mungian nago, Helduen Hezkuntza Ikastetxean ingeleseko eskolak ematen ditut. Ama ere ingeleseko irakaslea da, eta txikitatik ikasi dut hizkuntza hori. Gustatzen zitzaidan, eta, amak animatuta, hori ikastea erabaki nuen. Dagoeneko bost urte daramatzat eskolak ematen, oso gustura nago.
Musikaz eta ingelesaz gain, kirolean ere ibilitakoa zara; hain justu, errugbian jokatu izan duzu...
Bederatzi urte eman nituen kirol hori praktikatzen, ukondoa apurtu nuen arte. Arrasate errugbi taldean ibili nintzen; lesioagatik utzi behar izan nuen, eta faltan igartzen dut. Oso oroitzapen onak dauzkat.