Herriko etxeetan egingo dituzte praktikak lanerako prestakuntza ikastaroko emakumeek

Mirari Altube Arrese 2012ko martxoaren 9a

Lanerako prestakuntza ikastaroa bukatu dute astean hamar emakumek, Udalaren eta Caritasen laguntzarekin. Etxeko garbitasunak zelan egin ikasi dute adituen eskutik, eta orain, ordaindutako praktikak egingo dituzte herriko etxeetan.

Hainbat herritarrek antolatu eta bultzatutako ekimena izan da ikastaro hori eta pozik daude izandako erantzunarekin. Hamar bat emakume ibili dira, gehienak etorkinak: sahararrak, marokoarrak eta Hego Ameriketakoak: Honduras, Peru, Kolonbia… Langabezia izan da ikastaroa egiteko arrazoi nagusia.

Hainbat eratako eskolak jaso dituzte adituen eskutik, tartean, garbitasun produktuen gainekoa; ingurumen kontuen gainekoa, birziklapena tartean; eta amatasunaren ingurukoa. Maite Zubillaga aretxabaletarra izan dute irakasleetako bat eta pozik dago izandako esperientziarekin.

Ordaindutako praktikak egingo dituzte orain herriko etxeetan emakume horiek. Garbitasun zerbitzua debalde eskainiko diete 0 eta 5 hilabete arteko umeak dituzten Aretxabaletako familiei, eta dagoeneko hainbatek eman dute izena. Lau astetan emango dute garbitasun zerbitzu hori martxoa eta apirila artean, eta gaur da eskaera egiteko azken eguna. Udaletxera jo dezakete interesatuek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak