Udalaren eta Loramendi elkartearen laguntzarekin egingo dute azoka azken urteotan legez, eta musikarekin girotuko dute pilotalekua. Merkatariek, bere aldetik, eskaintza paregabeak izango dituztela iragarri dute; jantzi-dendetakoek, esaterako, negu partean atzera geratutako arropa eta osagarriak eroango dituzte eta 5 eurotan hasita eskaini, hau da, %80 arteko beherapenarekin.
Gainerako komertzioek ere eskaintza politak izango dituzte, baita eguneko produktuetan ere. "Dagoeneko hirugarren urtea da, laugarren Ixadebalde azoka, eta orain arte izandako arrakastari eutsi gura diogu", diote Aretxarteko kideek eta gaineratu: "Herritarrak beste behin ere hurrera daitezen gurako genuke. Aurten, gainera, sekula baino gehiago izango gara".
12 postu azokan
Hona bihar Iturrigorri pilotalekuan izango diren komertzioak: Kilima eta Haurrak, umeendako arropa-dendak; Mari Carmen, oinetako-denda; Asensio, Zare eta Belar Meta, jantzi-dendak; M-5, kirol denda; Leintz mertzeria; Txilarra belar-denda; Kioskoa; Gertu prestatutako janari denda; Brasileña kafe denda; eta Orly, Akorde eta Eguzki tabernak. Jatekoa eta edatekoa eskainiko dute horiek pilotalekuan.
Arratsalde partea girotzeko (17:00-19:00) umeendako tailerrak izango dira. Eta azokan erosketak egiten dituzten bezeroen artean zozketarako txartelak banatuko dituzte. Aste bukaera kanpoan pasatzeko bi egonaldi zozketatuko dituzte azoka itxi aurretik.