Giokela jaia egingo du UDAk zapatuan

Mirari Altube Arrese 2012ko martxoaren 8a

Aretxabaleta Kirol Elkarteak Giokela jaia egingo du zapatuan, martxoak 10. Herriko Plazan izango da (18:00) eta saiheski mokadutxoa eta edatekoa eskainiko dituzte. Bestalde, hitzordu garrantzitsuak dituzte UDAko hainbat taldek aste bukaeran eta zaleen berotasuna eskatu dute. Preferenteko eta Gazteen Euskadiko Ligako taldeek puntuak eskuratu beharra daukate domekan; areto futboleko taldeak, ostera, lider izaten jarraitu gura du.

Iosu harategiaren laguntzarekin (Juan eta Javi harakinak) Giokela kalitatezko marka duen saihetsa plazako arkupetan erre eta eskainiko diete herritarrei, euro baten truke. Saihets mokadutxoari laguntzeko ardoa eta sagardoa izango dituzte aukeran euro eta erdi ordainduta –jatekoa eta edatekoa hartuta–. Jaiaren helburua da dirua batzea elkarteko talde guztiendako –asteroko zozketarako txartelak ere salduko dituzte–. Era berean, herria girotu eta herritarrak elkartera hurreratzea gura dute.

Hitzordu garrantzitsuak aste bukaeran

UDAko hainbat futbol taldek hitzordu garrantzitsuak dituzte aste bukaeran, eta zaleen berotasuna eta indarra eskatu dute. Horregatik sarrera debalde izango da.

Hil ala biziko norgehiagoka du preferente mailako taldeak domekan (18:15) Idiazabalen aurka. Sailkapeneko azken aurreko postuan dago talde aretxabaletarra, eta denboraldia bukatzeko zortzi jardunaldi geratzen direnean derrigorrez irabazi beharrean dago. Idiazabal, gainera, aurkari zuzena izango da mailari eusteko norgehiagokan –hiru puntu gehiago ditu–.

Bestalde, Gazteen Euskadiko Ligako taldeak Antiguoko hartuko du domekan (16:00) Ibarran. Liderra da Antiguoko eta zaleen animoak ezinbestekoak izango direla punturen bat lortzeko esan dute elkarteko kideek.

Areto futboleko taldea lehenengo postuari eutsi guran

Bestalde, areto futboleko taldea une gozoak bizitzen dabil. Liderra da eta horri eutsi gura diote UDAko mutilek. Horregatik egubakoitzean, hilak 9, Almen ikastetxeko kiroldegian jokatuko duten partidura (20:30) zaleak hurreratzeko eskatu dute. Hirugarren postuan dagoen Irudek taldearen aurkako norgehiagoka gogorra izango da eta "zaleen indarra" garrantzitsua izango dela diote.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak