Elkarretaratzea eta antzezlana Emakumeen Nazioarteko Eguna gogoan

Mirari Altube Arrese 2012ko martxoaren 8a

Berdintasuna da bidea leloa duen izara jarri dute gaur herriko emakumeek plazan, Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko. Arratsaldean (18:00) elkarretaratzea egingo dute plazan bertan, eta gero, Ya te digo antzezlana eskainiko du Las Torpedolevel-Ireki Teatroak, Arkupen (19:00).

Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Kultura Sailak emakumeari eskaini gura diote martxoa eta Arkupeko ekitaldiak horren bueltan antolatu dituzte. Hala, emakumeak protagonista dituen argazki erakusketa egongo da hil guztian; Aretxabaletako emakumeak dira hain zuzen argazki horietan agertzen direnak: lanean, ekimen kulturaletan, kirolean, eskolan, jai giroan… "Emakumeek Aretxabaletari egindako ekarpena nabarmentzea du helburu erakusketak", jakinarazi dute Udal arduradunek.

Zine klubean ere emakumea protagonista

Bestalde martxoko zine klubean ere emakumea da protagonista. Azken urtean egindako filmik onenak eta hainbat sari irabazitakoak izango dira eguenetan (19:30) Arkupen.

Hona ondorengo eguenetako filmak:

  • Martxoak 15: La fuente de las mujeres (Frantzia, 2011).
  • Martxoak 22: Albert Nobbs (Erresuma Batua, 2011).
  • Martxoak 29: ¿Y ahora dónde vamos? (Libano, 2011).

Umeendako ikuskizuna

Eta zapatuan, martxoak 11, Maite Franco ipuin-kontalariak Panpinak Aitorrentzat kontaketa saioa eskainiko du –sarrera debalde–. Lau urtetik gorako umeendako saioa da.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren barruko ekitaldien artean dago saioa, berdintasuna bultzatzeko helburuarekin sortutako ipuin-kontaketa delako; helburuen artean ditu sexu-rolen banaketarekin bukatzea eta emakume eta gizonen eskubide eta eginbeharren arteko berdintasuna bultzatzea. Hori guztia umoreak, misterioak, eta ezustekoek zipriztinduta eskainiko du Francok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak