Erakusketan emakumeak esparru desberdinetan ikusteko aukera dago: emakumeak lanean, kirolean, kultur ekarpenean, txikien zaintzan, jai giroan… Guztietan, garai ezberdinetako emakume aretxabaletarrak ageri dira eta argazki batzuk zuri-beltzean daude eta beste batzuk koloretan.
Erakusketaren helburua da emakumeek Aretxabaletako herriari egindako ekarpena nabarmentzea.
Urtebeteko lana
Erakusketa urtebeteko lanaren emaitza izan da. Lau fasetan eraman dute aurrera erakusketa; lehenengoan, herritarrei proiektuaren berri emateko eta argazkiak biltzen hasteko difusio lanak egin zituzten, gero argazkien sailkatzea eta aukeratzea egin zuten, ondoren, maketatze eta inprimatze lanak egin zituzten eta azkenik, martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, erakusketa zabaldu dute. Olaia Sagredo Berdintasun zinegotziak proiektu honetan parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan die.
Atzo arratsaldean zabaldu zuten Arkupen Emakumeak protagonista erakusketa eta martxoan zehar egongo da zabalik. Sagredok, herritar guztiak gonbidatu nahi izan ditu erakusketa ikustera.