Herritarrei egindako deialdian eskuratutako argazkiak jarriko dituzte erakusketa aretoan gaur eta martxo guztian izango dira bertan. Aretxabaletako emakumeak lanean, ekimen kulturaletan, kirolean, eskolan, jai giroan… agertzen dira argazkiotan.
"Emakumeek Aretxabaletari egindako ekarpena nabarmentzea du helburu erakusketak", jakinarazi dute Udal arduradunek.
Zine klubean ere emakumea protagonista
Bestalde martxoko zine kluba emakumeari eskainiko diote. Azken urtean egindako filmik onenak eta hainbat sari irabazitakoak izango dira eguenetan (19:30) Arkupen.
Gaur, martxoak 1, film atzerritar onenaren Oscar saria eskuratu berri duen Nader y Simin, una separación film irandarra eskainiko dute zine klubaren barruan.
Eta ondorengo eguenetako filmak:
- Martxoak 15: La fuente de las mujeres (Frantzia, 2011).
- Martxoak 22: Albert Nobbs (Erresuma Batua, 2011).
- Martxoak 29: ¿Y ahora dónde vamos? (Libano, 2011).
Antzezlana eta umeendako ikuskizuna
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Las Torpedolevel-Ireki Teatroak Ya te digo antzezlana eskainiko du (19:00). Hainbat gai lantzen dituen ikuskizuna da: ospea; sexuaren eta gastronomiaren arteko harreman estua; eta maitasuna eta oroitzapen faltsuak.
Bestalde, zapatuan, martxoak 11, Panpinak Aitorrentzat ipuin-kontaketa eskainiko dute liburutegian (11:30).
Martxoaren 8rako sortutako ipuin-kontaketa saioa da, eta honako helburuak ditu: sexu-rolen banaketarekin bukatzea eta emakume eta gizonen eskubide eta eginbeharren arteko berdintasuna bultzatzea. Hori guztia umoreak, misterioak, parte-hartzeak eta ezustekoek zipriztinduta.