50 bat aretxabaletar izan ziren Almerian Kepa Urra gogoan

Mirari Altube Arrese 2012ko martxoaren 1a

Almeriara martxa egin zuten joan den egubakoitzean 50 bat lagunek Kepa Urra dagoen espetxe ingurura. 20 urte daramatzala espetxean gogorarazteko ekitalditako bat izan da. Gaur, ostera, mahai-ingurua egingo dute Arkupen (19:00) eta sakabanaketaren eta bizi arteko zigorraren gainean jardun. Abokatu batek eta herriko presoen senideek hartuko dute parte.

Urtarrilaren 29an bete zituen 20 urte espetxean Kepa Urrak, eta hori gogorarazteko Hiru baietz ekimena antolatu du herritar talde batek. Hala, Almeriara martxa egin zuten joan den egubakoitzean 50 bat lagunek: "Bertan dagoen Kepa Urra eta gainontzeko euskal presoei elkartasuna adieraztera joan ginen", jakinarazi dute han izandakoek. Egun osoa eman zutela espetxe inguruan gaineratu dute, eta oihuen bitartez bertako presoekin egoteko aukera izan zutela.

Beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte. Gaur, mahai-ingurua izango da Arkupen (19:00) sakabanaketaren eta bizi arteko zigorraren gainean jarduteko. Abokatu bat eta herriko presoen senideak elkartuko dira bertan.

Zapatuan manifestazioa

Hiru baietz ekimena zapatuan bukatuko dute jai giroak eta aldarrikapenak bat eginda. Bolo txapelketa egingo dute lehenengo herriko bolatokian (17:00); eta gero, manifestazioa herriko kaleetan (19:00), bolatokitik irtenda. Bukatutakoan mokadutxoa eskainiko diete antolatzaileek elkartutako guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak