Udalak bat egin du Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren urteurrenarekin

Mirari Altube Arrese 2012ko otsailaren 28a

Atzo, otsailak 27, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zeneko 36. urteurrena bete zen eta Aretxabaletako Udalak gogoan izan zuen urteurren hori. Adierazpen instituzionala onartu zuten eta Saharako bandera egongo da udaletxeko balkoian, ikurrinarekin batera, gaur arte.

Udala kezkatuta dago sahararrek bizi duten egoerarekin. Izan ere, 2010ean Marokoko gobernuaren eta Fronte Polisarioaren arteko negoziazioak desblokeatuko zirenaren itxaropena piztu zen gatazkaren ondoriorik latzenak pairatzen dituzten Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetako eta Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamenduetako sahararren artean. Baina zoritxarrez, azken urtean, itxaropen izpi horiek Marokoko gobernuaren jarrera oldarkor eta bortxazkoaren eraginez, bertan behera gelditu dira Nazioarteko herrialde boteretsuenen isiltasun eta konplizitatearen babespean.

Hori horrela, Aretxabaletako Udalak deklaratzen du:

1.- Giza eskubideen arloko hainbat gobernuz kanpoko erakundeen, Amnisty International (AI) edo Human Right Watch (HRW) kasu, txostenak haintzat hartu eta Europako parlamentuak 2010eko abenduan onarturiko mozioarekin bat etorriz Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan etengabe gertatzen diren manifestazio
eskubidearen zanpaketa, atxiloketak, torturak eta tratu txarrak, bortxaketak, desagertzeak, deportazioak eta orokorrean giza eskubideen aurkako erasoen ezbairik gabeko salaketa eta gaitzespen bortitzena adierazten du.

2.- Rosella Urru, Enric Gonyalons eta Ainhoa Fernandez de Rincón bahiturik darraiten nazioarteko kooperatzaileen senitarteko eta lagunei, momentu gogor hauetan erabateko elkartasuna adierazten die eta berehala aske utz ditzaten eskatzen du.

3.- Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zeneko 36. urteurrenarekin bat etorriz, 2012ko Otsailaren 27an Mendebaldeko Saharako bandera herriko udaletxean zintzilikatzea adosten du.

Era berean, Udal honek, Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide justu eta demokratikoa lortzeko giltzarriak diren ondoko konpromisoak hartzea eskatzen dio Espainiar estatuko gobernuari:

1.- Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan Marokoko agintariek buruturiko gerra krimenak, dagokien instantzietara, Hagako giza eskubideen auzitegia kasu, bideratzea eta Madrileko (Espainia) audientzia nazionalean abiaturiko ikerketei bide ematea, berauek isildu eta estali beharrean.

2.- Mendebaldeko Sahararako Erreferendumaren Nazio Batuen Erakundearen Misioa (MINURSO) giza nahiz material baliabidez laguntzea, eta batez ere, giza eskubideen arloko eskuduntzak izan dezan Nazio batuen erakundearen (NBE) aurrean erresoluzio bat aurkeztea, Nazio Batuen erakundeak (NBE) munduan zehar hedaturik dauzkan misioen artean giza eskubideen arloa baztertzen duen misio bakarra izateari utzi diezaion.

3.- Mendebaldeko Saharako biztanleak, eurek askatasunez egokien deritzoten naziotasunari eta biztanle orori, Mendebaldeko Saharakoak barne, dagokigun mugimendu askatasuna errespetatzea eta bermatzea. Horretarako, Mendebaldeko Saharako biztanleak zatitzen duen 2740 km luze den lotsaren harresiaren eraispena burutzeko giza
eta material baliabideak eskaintzea.

4.- Espainiar estatuko diputatuen kongresuak ebatzitakoa behingoz betetzea eta gerran aurkitzen diren estatuei, Marokokoa kasu, armak saltzea debekatzen duen ebazpena betetzea. Hau da, bere legedia betetzea.

5.- Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiatzeari uko egitea eta zehazki, zentzu honetan azken asteetan eginiko deklarazioak zuzentzea Saharar arrantza bankuetan arrantza egiteko Europar batasuneko (EB) eta Marokoko estatuaren arteko ituna berritzeari uko eginaz, akordio honek Mendebaldeko Saharako urak bere baitan jartzen dituen artean.

6.- Mendebaldeko Saharako biztanleen interesen aurka, bertako baliabide naturalak espoliatzen duten Espainiar Estatuko enpresak zigortzea, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ebatzitako erresoluzioak saihestu eta urratzeagatik.

7.- Europar Batasuneko (EB) gainontzeko estatuekin batera, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) autodeterminaziorako eta independentziarako eskubidea aitortzea eta sustatzea.

8.- Azkenik, autodetermizio erreferenduma sustatuz eta nazioarteko zuzenbidean jasotako jurisprudentzian oinarrituz, Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesua amaitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak