Inpaktu urbanistikoa arintzeko boluntario sarea sortu dute

Mirian Biteri 2012ko otsailaren 27a

Aretxabaletar talde bat boluntario sarea osatzekotan dabil, ingurumen arloari dagokionez, udalerrian hainbat hobekuntza egiteko. Dagoeneko lan egiten hasi dira: Udalari, herriko lorategien ardura duen Makaiko enpresari eta herriko hainbat elkarteei asmoa azaltzearekin batera, 170 zuhaitz inguru landatu dituzte udalerrian sakabanatuta dauden lorategi eta zelaietan.

Talde horretan Martxi Perez dago. Ideia nondik datorren azaldu digu. Banaka batzuk noizean behin zuhaitzak lantzen ibiltzen zirela ikusi eta "indarrak batzea" erabaki zuten. Herria bera industria gunez inguratuta dagoela eta erdi gunean ere etxebizitzak industrialdeko lantegiekin bat egiten dutela aipatzearekin batera, gaineratu du azken 25 urteotan bereziki eraiki den etxebizitza, auzo edo industria gune berrien kopurua nabarmen hazi dela, eta hori gutxi balitz, orain AP-1 autobidea gehitu zaiola.

Haren esanetan, “ukaezina” da guzti horrek herriaren fisionomian ez ezik ereduan ere eragina izan duela. Horren harira, azaldu du hazkunde horrek zenbait arlotan onurak ekarri baditu ere, ezin ukatu hirigintzan eta paisaian izan duen inpaktua “izugarria” izan dela eta izaten ari dela.

Hori gutxitu aldera Udala osatu duten korporazio ezberdinek neurri zuzentzaileak hartu badituzte ere, erabilitako irizpideak eta hartutako neurri horiei egindako jarraipena ezberdina izan dela dio. Esaterako, erdi gunean neurri gehiago eta hori egin zaien jarraipena zorrotzagoa izan dela esan du, herriko auzoetan edo beste hainbat eremutan baino.

Proposamena Udalari

Esan bezala, dagoeneko lanean jarri dira. Udalari, esaterako, txostentxoa bidali diote honako proposamenekin: paisaian dituzten irizpideak partekatzea; gaiarekin sentsibilizaturik dagoen boluntario sarea sortzea eta ekintzak garatzeko egutegia adostea; inpaktu urbanistikoa arintzeko eta paisaia hobetzeko neurriak modu xumean zehaztea; eta autoeraketaren printzipioetan oinarritutako dinamikak bultzatzea.

Batzarrak ere egin dituzte, eta alde biek elkarlanean lan egiteko dagoen jarrera nabarmendu dute. Perezek honakoa dio: "Pozik gaude. Basabe industrialdean hazitegia egiteko lur zatia lagatzeaz gain, lokala ere utzi digu. Horretaz gainera, lanerako tresnak erosi dituzte eta 4 x 4 ibilgailua ere uzten digu behar dugunean".
Udala ere pozik dago proiektuarekin. Ingurumen zinegotzi Lore Martinezek dio "eskertzekoa" dela herritarrengandik parte hartzeko ekimenak jasotzea, eta gaineratu du Udala eta boluntario sarearen batuketak, ingurumenarekiko sentsibilizazio handiagoaren emaitza dakarrela, eta horrek, zainketa eta errespetua....

Martinezek honakoa gehitu nahi izan du: "Aurrera begira plangintza jakin bat egin nahi dugu. Alde batetik Udalak egiten dituen ekintzetan parte hartzeko eta bestalde ekintza berriak elkarrekin antolatzeko. Esaterako, zuhaitzen eguna, jaioberri bakoitzeko zuhaitz bat landatzea, errekaren garbiketa... zehaztu ahala joango gara herritarrei informatzen. Eta aprobetxatu nahi nuke esateko, norbaitek interesa baduela, animatu dadila, ongi etorria izango da-eta".

Aurten hainbat ekintza egin dituzte. Basabeko hazitegia martxan jartzearekin batera, hiru asteburutan landaketak egin dituzte herriko kanpo aldeko lorategietan eta AP-1 autobideko magaletan, bereziki, Atxustegiko bidean. Bereziki urkiak, haritzak, pagoak, lizarrak, gorostiak, erramuak eta elorriak landatu dituzte; hain justu, bertako espeziak. Horrez gainera, kanposantu ondoko bertako baso bateko haritzak eta pagoak ere atera dituzte, eta herriko beste hainbat eremutan landatu, han ez direlako behar bezala hazten.

Hitzordua zapaturako

Asteburu honetarako azken hitzordua egin dute. "Deialdia egin nahi diegu aretxabaletarrei zapatuan, 09:30ean, futbol zelaiko sarreran agertu daitezela; autobideko magalera eta Mendiolarako bidera joateko asmoa dugu", dio Perezek. Dagoeneko zuhaitzak "mugitzen" hasi direla, eta landaketak egiteko saioa amaitzear dagoela gogorarazi du. Horren harira, aipatu du irailean ekintzak antolatzen jarraitzeko asmoa dutela; esaterako, auzolanean Deba erreka eta Urkulu garbitzea. Eskola eta ikastoletara ere zabaltzea nahi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak