Alderdi Sozialistako zinegotziak ez du bertan egoterik izan, eta Aralarrek eta EAJk ez dute aurrekontua babestu.
"Aurrekontu zentzudunak dira, bizi dugun errealitatera egokituak" aipatu du alkateak. Hala, Gizarte Zerbitzuetako partida dela gora egin duen bakarra onartu du.
Bestetik, helburu garrantzitsu bi bete dituztela aurrenkontu horrekin gaineratu du: zorra ez handitzea gehiago; eta Aldundiari eman beharreko dirua beste krediturik eskatu barik itzuli ahal izatea.
Irizpide falta Aralarren eta EAJren ustetan
Aralar, Udal gobernua osatu arren Bildurekin, abstenitu egin da bozkatzerakoan. Eta argitu du "dirua tentuz banatu beharra dagoela, eta horretarako irizpide batzuk bota dituztela faltan". Inprobisatzen ibili diren sentsazioa izan dutela gaineratu du Inaxio Garrok.
EAJko zinegotzi biek, ostera, aurka bozkatu dute "inkoherentziak dituelako". Langileen soldata igotzeko erabakiarekin ez dira bat etorri "egoera ekonomikoa zelakoa den jakinik" eta mankomunitateari egin beharreko ekarpena ere asko igo dela aipatu dute, %8 inguru. "Beste partida batzuek, ostera, murrizketak izan dituzte: kulturak, hirugarren munduko herrialdeei laguntzak… Murriztu beharra dago, baina inkoherentziak daude". Aurrekontua eztabaidatzeko prozesuari dagokionez bat etorri dira Aralarkoekin "irizpide falta" izan dela esaterakoan.