Ana Bolinaga alkateak azaldu du atzerapenaren arrazoia: "Materiala ez zaiela iristen jakinarazi digute: panel batzuk falta dira, instalakuntza elektrikoetarako osagaiak…".
Eraikinaren lanak behin bukatuta Industria Saileko ikuskaritzak onartu behar du; gero makinak martxan izango dituzte 15 bat egunetan; eta bukatzeko ekipatu egin behar da. Hortaz, obraren atzerapenak eragina izango du gainerako kontuetan, baita irekiera datan ere: "Gure asmoa da maiatzean zabaltzea, baina ezin dugu ziurtatu. Gainera, ez da gure asmoa edozelan, lanak behar bezala bukatu barik, zabaltzea", jakinarazi du Bolinagak.
Esleipena erabaki barik
Bestetik, kiroldegia kudeatuko duen enpresa hautatzeko prozesua bukatzear dago. Enpresa bi aurkeztu ziren lehiaketa horretara; batetik Goiena Sport –kirol jardueren ardura duena orain– eta bestetik, LKS, Athlon eta Ondoan enpresek osatu duten denboraldi baterako elkartea. Hainbat bilera egin ditu hautaketa mahaiak eta laster hartuko dutela erabakia jakinarazi du alkateak.
Behin kudeatuko duen enpresa hautatuta tarifen berri emango dute eta abonatze kanpaina abian jarri: "Kuotak oraingoen aldean altuak izango dira, baina eskainiko den zerbitzuak ere ez du zerikusirik izango orain artekoarekin".
Zabaldu bitartean Eskoriatzako –hiru hilabeteko abonua– eta Arrasateko –bi hilabeteko abonua– kiroldegietara joaten jarrai dezakete aretxabaletarrek.