Hamaika emakumek hasi dute lanerako prestakuntza ikastaroa

Mirari Altube Arrese 2012ko otsailaren 16a

Lanerako prestakuntza ikastaroa antolatu dute emakumeendako Udalaren eta Caritasen laguntzarekin, eta hamaika emakumek osatutako taldea hasi da lanean astean. Etxeko garbitasunak zelan egin ikasiko dute, eta gero, ordaindutako praktikak egingo dituzte herriko etxeetan.

Ikastaroko emakume gehienak etorkinak dira: sahararrak, marokoarrak eta Hego Ameriketakoak: Honduras, Peru, Kolonbia… Hainbat eskola jasotzen dabiltza, horien artean daude etxeko garbitasun lanak, ingurumen kontuak, amatasuna…

Antolatzaileen helburu nagusia emakume horiek lanerako prestatzea zen ekimenaren bultzatzaile den Paloma Martinezen esanetan, baina emakumeek beste helburu bat dutela konturatu dira: "Lana topatzea da helburua. Hori horrela, indarrak batu eta elkarri lagunduta lan egitea proposatu diegu".

Praktikak herriko familietan

Prestakuntza ikastaroa bukatutakoan ordaindutako praktikak egingo dituzte emakumeek herriko etxeetan. Horien garbitasun zerbitzua debalde eskainiko diete 0 eta 5 hilabete arteko umeak dituzten Aretxabaletako familiei, "umeak txikiak direnean laguntza izugarri eskertzen delako" diote antolatzaileek. Hala, lau astetan emango dute zerbitzu hori martxoa eta apirila artean, astean bi egunetan (bi ordu).

Interesatuek izena eman dezakete otsailaren 20an, astelehena, hasi eta martxoaren 16a bitartean. Udaletxera jo dezakete edo honako telefono zenbakira deitu: 630 24 78 71.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak