Aratusteei ongi etorria egin zioten zapatuan, Aretxabaletan. Goizean goiz hasi ziren hainbat koadrila motorrak berotzen, hamarretakoarekin lehenik eta bazkariarekin ondoren.
Potoloena, baina, arratsaldean iritsi zen. Etxeko txikienak gustura jarraitu zituzten Biribil Zirku taldekoen malabareak. Ondoren, Txapel Txinen txanda heldu zen. Bere pregoian krisian egonda ere, aratusteez gozatzeko deia egin zuen. Kiroldegiko lanak, autobus geltokiak eta Loramendiren 25. urteurrena ere aipatu zituen, besteak beste.
Txapel eta torrada onenak
Aurten, lehen aldiz, txapel onenak saria jaso zuen; Iñaki Barrenetxea izan zen irabazlea. Torrada lehiaketa irabazleak, berriz, Iker Altuna eta haren seme Urko izan ziren. Hirugarren aldiz izendatu dituzte euren torradak goxoenak bezala.
Txapel Txinen pregoiaren ostean, saritutako torradak probatzeko aukera izan zen eta baita txistorra eta sagardoa dastatzekoa ere.