Arrisku-prima ahaztu barik, Txapel Txinek Aratusteetarako deia egin du

Mirian Biteri 2012ko otsailaren 12a

Aurtengo Aratusteei ongi etorria egin zioten atzo Aretxabaletan. Aurten ere Txapel Txin izan da protagonista; eta horrekin batera, torrada lehiaketako irabazle Iker Altuna, eta txapel dotoreena eroan duen Iñaki Barrenetxea.

Goizean goiz hasi ziren atzo hainbat koadrila motorrak berotzen, hamarretakoarekin eta ondorengo bazkariarekin. Potoloena, baina, arratsaldean iritsi zen: lehenengo Biribil Zirku taldeko kideek malabareak eta bestelakoak airean dantzan jarri zituzten; buruan txapela ikusgarriak zituztela mugimendu guztiak adi jarraitu zituzten umeek.

Horien ondotik, Txapel Txinen txanda heldu zen. Krisian egonda ere, Aratusteez gozatzeko deia egin zuen. Horren harira, "sekula bukatzen ez den kiroldegia" eta Loramendiren 25. urteurrena gogorarazi zituen, besteak beste. Horrekin batera, jakinarazi zuen kirurgia estetikoa egiteko asmoa ere baduela.

Torrada leihaketako irabazleei ere saria eman zien: Iker Altuna eta haren seme Urkoren torradak izan dira goxoenak; bigarrenak, Basabe tabernakoenak; eta hirugarrenak, Espe Perezenak. Gainera, aurten, lehen aldiz, txapel onena ere saritu zuten: Iñaki Barrenetxearen txerritxo txapela izan zen irabazlea.

Amaitu aurretik, txistorra eta torrada mokadutxoa eta sagardoa dastatzeko aukera izan zuten aretxabaletarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak