Aratusteak iragartzera dator Txapel Txin

Mirari Altube Arrese 2012ko otsailaren 10a

Aratusteetarako astebete geratzen dela gogoraraziko die herritarrei Txapel Txinek bihar, zapatua, eta jaietarako gertatzeko deia egin umore ona lagun. Aratuste-domekaren zain dauden herritarrak jai gogoz hurbilduko dira bihar ilunkaran plazara, eta ez diete hutsik egingo Karnabalen Lagunek eta Kultura Saileko kideek.

Biribil Zirku taldeak hasiko du jai giroa bihar (19:00). Pasapayasos ikuskizuna eskainiko du talde bilbotarrak, eta pailazo, akrobata, malabarista, orekari eta hankaluzeekin beteko dira herriko kaleak; hona egingo duten ibilbidea: Arkupe, Herriko plaza, Durana eta Mitarte kaleak, eta buelta. Plazan borobilduko dute hain zuzen, ekitaldia.

Ondoren (20:00) aurtengo Aratusteen berri emango du Txapel Txinek plazan, eta torrada lehiaketako sariak banatuko ditu. Txapel dotoreena daramanari ere emango dio saria (50 euro). Eta jai giroarekin jarraitzeko txistorra mokadutxoa eta sagardoa eskainiko dituzte, lehiaketako torradekin batera.

Torrada lehiaketa

Aurten ere egingo dute torrada lehiaketa, eta plazan jasoko dituzte herritarrek etxean egindako postre goxoa (16:30-18:30). Bakoitzak zortzi torrada ekarriko ditu gutxienez, eta kartazal itxi batean norberaren datuak.

Sariak Txapel Txinek banatuko ditu gero (20:00), eta banatzerakoan bertan egon beharko dute derrigorrez irabazleek, bestela sari barik geratuko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Hona onenek jasoko dituzten sariak: lehenengoak, 100 euro eta Torratxin txapela; bigarrenak, 50 euro; eta hirugarrenak, 30 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak