Gaur arratsaldean izango da, Herriko Plazan, 17:30ean hasita. Gaitariak, txalapartariak eta bertsolariak arituko dira giroa alaitzen; eta rock doinuak ere entzun ahal izango dira herriko musikarien eskutik. Horrez gainera, aurpegiak margotzeko gunea egongo da, eta balance bike delakoetan ibiltzeko aukera.
Herriko hainbat eragilek hartuko dute parte, modu horretan, gaurko hitzorduan. Gaztelekuko lagunek eginiko bideoa eskainiko dute Arkupen, 18:30ean. Gainera, Basotxo erretiratuen elkarteko lantalde bat txistorra eta txorizoa prestatzeaz eta ardoa zerbitzatzeaz arduratuko da.
Eguaztenean Korrika Txikia
Gaurkoa ez da izango Korrikaren inguruan antolatutako hitzordu bakarra. Izan ere, euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren etorreraren bezperan, Korrika 18 Txikia egingo dute Herriko Plazan, 17:30ean. Trikitilariek girotuta, erraldoi eta buruhandiak arituko dira eta txokolate-jana ere izango da.