Drogen gainean egin zien berba Vicente Hueso adituak futbol jokalari gaztetxoei

Mirari Altube Arrese 2012ko otsailaren 7a

Aretxabaleta Kirol Elkarteak abian jarritako Eskua Proiektuari esker Aita Menni ospitaleko Vicente Hueso Corral adituaren berbaldia izan zuten atzo, astelehena, 14 eta 18 urte arteko futbol jokalariek –haurrak, kadeteak eta gazteak–. Drogen eta horien eraginaren gainean egin zien berba psikologoak.

Aita Menni ospitaleko klinika burua da Vicente Hueso eta Beasainen Aita Mennik duen errehabilitazio egoitzako arduraduna, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu drogen gehiegizko erabilerak sortutako ondorioak. Horregatik gaztetxoak ondo informatuta egotea garrantzitsua dela iritzi zion "gero norberak hauta dezan zer egin".

Tabakoarekin hasi zuen berbaldia; ondoren alkoholarekin jarraitu, eta bukatzeko kalamuari heldu. "Hiru horiek dira zuen adinekoek esku-eskura dituzuenak orain" esan zien. Eta ondoren beste droga batzuen eraginaren berri ere eman zien: anfetaminak (speed-a), extasis-a, kokaina, LSD…

Eta bukatzeko futbol jokalari izandako lagun batek, hain zuzen drogen munduan ibilitako gazte batek, UDAko jokalariei idatzitako gutuna irakurri zien. Hunkitu egin ziren asko orduan eta txalo zaparrada eskaini zioten gutuna idatzitakoari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak