Gustura Aratusteak datozelako?
Oso gustura! Urte guztia pasatzen dut munduko Aratusteetan ideiak hartzen, etxera etorri eta pregoia botatzeko. Gainera, bost urte beteko dira lehenengoz etorri nintzenetik eta oso polita da hori.
Aurreratuko diguzu zelako txapela jantziko duzun?
Oraindik ez dut oso argi, MariMerketik pasatzeko aukerarik ez dut izan-eta; hori bai, seguru originala izango dela.
Eta pregoian zer esango diguzu?
Krisi garai honetan Aratusteak topera disfrutatzeko gomendiotxo batzuk prestatuko ditut, eta jaia giro eta umore onean pasatzera animatuko zaituztet.
Bazabiltza Aratusteetarako mozorroa gertatzen?
Bai, bai, ia prest daukat; Taxoaretik bueltatzen naizenerako dena edukiko dut prest.
Eta seguru asko jakingo duzu herritarrak zelako mozorroak gertatzen dabiltzan. Zerbait aurreratzerik?
Jakin badakit lokalean koadrila asko ari direla lanean, eta gainera aurten gauza handi asko egiten dabiltza; musika eta giro alaia ez dira faltako.
Gustuko duzu Aratusteetan gure kaleetan izaten den giroa?
Oso gustuko dut; urteko egunik politena izaten da niretzat. Egun batez aretxabaletar guztiak, txiki eta nagusi, kalean disfrutatzen ikustea da politena. Gainera aretxabaletarrok zoratzeko dugun ahalmen guztia erabiltzen dugu eta hori igarri egiten da goizeko lehenengo ordutik hurrengo goizaldera arte. Denbora luzean ibiltzen gara prestatzen eta nik, egia esan, aurreko egunean lorik ere ez dut egiten nerbioak jota.
Mondragoeko Inauteriak indarra hartzen doaz azken urteotan eta Aretxabaletakoen gainetik jarriko diren beldurrik ez dago?
Gugandik asko ikasi dutela argi dago, urte asko pasatu dituzte-eta gure artean, baina ez dago beldurrik. Gurean urte askotako kultura dugu, generazioz generazio pasatzen joan dena eta beti izango ditugu Aratuste onenak.
Facebook-en orria duzu; zaleek jarraipena egiten dizute?
Bai, jarraitzaile asko ditut, eta bertan jartzen ditut nire argazkiak, bideoak eta abestiak.
Besterik esan gura baduzu…
Otsailaren 11n mundu guztia espero dudala Herriko plazan txapela buruan daramala; kristoren txistorra jana egingo dugu eta behin tripa beteta… ez dago gu geldituko gaituenik! Aratuste-domekarako, berriz, badakit Aretxabaletak erantzungo duela eta deseatzen nago aurten ere harrituta geratzeko!