Arrakasta izugarria 'Euskararen espektakulua'-k

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urtarrilaren 30a

Euskararen espektakulua-k aretxabaletar askoren arreta piztu zuen; zapatu arratsaldean Arkupeko Zaraia aretoan hiru saio eskaini zituzten eta guztietan bete zen aretoa. Euskara ardatz hartuta eta umore giroan, bertaratu ziren ikus-entzuleei euskararekiko duten jarreraren gainean hausnartzeko bidea eman zien ikuskizunak.

ç

Aretxabaletako Loramendi euskara elkarte barruan, iaz sortutako Sustapen Taldeak gertatu du ikuskizuna. Kepa Errasti aktore aretxabaletarrak zuzendu ditu herritarrekin grabatutako esketxak eta Oihan Vega irrati esatari bergararrak bideratu zituen emanaldiak.

Ikuskizun arrakastatsua

Oihan Vegak emanaldia egunkarian irakurritako titular kezkagarri batekin hasi zuen: "Euskaraz dakiten hiru euskaldunetatik bik gaztelaniaz hitz egiten du egunero" esan zuen. Eta beste datu bat ere ekarri zuen gogora Vegak: Euskaldunen %80k sexu harremanak hamabost egunean behin izaten ditu.

Vegak hauxe ondorioztatu zuen: "Denbora gehiago egiten dugu gaztelaniaz hitz egiten txortan baino eta hori ez da ona. Hobeto biziko ginateke bi titularrak alderantziz izango balira: Euskaldunen %80ak hamabost egunean behin egiten du gaztelaniaz eta hiru euskaldunetatik bik egunero egiten dute txortan".

Hortik abiatuta, bizitzako hainbat une errealetan gertatzen dena gogorarazi zuen Vegak; euskaraz ez dakigula iraintzen, txisteak ere orokorrean ez ditugula euskaraz kontatzen, ume guztiekin euskaraz hitz egiten dugula baina gero geure artean hitz egiten dugunean gaztelaniara joateko joera daukagula...

EGA ziurtagiria, euskaltegiak edota euskal kantagintza ere izan zituen hizpide. Azpimarratu zuen naturaltasunez hitz egin behar dugula eta hau esaten amaitu zuen ikuskizuna: "Bai sexurako eta bai euskararako, honekin edo harekin, baina egin".

Balorazio positiboa

Herritarrak izan ziren sketxetako protagonista eta Kepa Errasti zuzendariak balorazio positiboa egin zuen: "Oso polita izan da bideoetan herritarrak azaltzea eta eskertu nahi diet lehenengo momentutik egin duten lanarengatik. Ikus-entzuleak oso gustura egon direla esan didate, barre algarak ere entzun dira, eta pozik nago emaitzarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak