Kontakizun musikatu arrakastatsua, herritarren eskutik

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urtarrilaren 28a

Egubakoitz gauean Aretxabaletako udaletxe zaharreko ataria xarma berezi batekin inguratu zen; Zast! izeneko helduendako kontakizun musikatuak hartu zuen lekua. Ipuinetatik abiatuta, hainbat eratako testuak irakurri zituzten musikaren laguntzarekin lau aretxabaletar eta arrasatear batek osatutako taldeak.

Beñat Zamalloa kontalari lanetan ibili zen, Martin Antxia perkusioetan, Eñaut Zubizarreta txeloan, Aitor Ziardegi pianoan eta Arrasateko Maialen Arratibel gitarran eta kantuan.

Lehenengo emanaldia

Gazteen lehenengo emanaldia izan zen Aretxabaletakoa eta Zamalloa taldeko kontalariak aitortu digu "lagundu" egin ziela lehenengo ikuskizuna euren herrian izateak. "Hasieran urduri geunden baina esperientzia oso polita izan da. Ikutu berritzailea dauka ikuskizunak eta orokorrean pozik gelditu gara egindakoarekin".

Guztira, taldekideek sortutako 14 kontakizun eskaini zituzten eta hainbat gai jorratu zituzten; heriotza umore ukituarekin, gai erotiko-pornografikoa zeukan kontakizuna, ume lapurtuen ideiatik sortutakoa edota bakarzaletasunari buruz jardun ziren, besteak beste. "Nahiko urduri hasi gara ikuskizunarekin eta horregatik erritmo oso bizia hartu dugu hasieran. Uste dut horrek asko azkartu duela ikuskizuna, baina ahal duguna egin dugu, ez gara honetatik bizi eta ahal bezain ondo egiten saiatu gara" esan digu Zamalloak esperientzia polita izan dela azpimarratuta.

Ikus-entzuleak gustura

Zast! ikuskizuna ikustera 80 lagun inguru joan ziren udaletxe zaharrera eta jendea zutik ere egon behar izan zen ikuskizunaz gozatzen. “Adin desberdinetako jendea animatu eta etorri da eta guretzat hori oso garrantzitsua da; interesgarria izan da jende nahasketa egon dela ikustea” esan digu Zamalloak.

Hurrengo emanaldia Arrasateko gaztetxean izango da otsailaren 4an 18:00ean eta hirugarrena Eskoriatzako Ibarraundin izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak