Loramendi Elkarte barruan iaz sortutako Sustapen Taldeak gertatu duen ikuskizuna da Euskeraren espektakulua, "aretxabaletarrok euskararekiko dugun jarreraren gainean hausnartzeko", hain zuzen.
Kepa Errasti aretxabaletar aktoreak zuzenduta egoera ezberdinak jasotzen dituzten hainbat esketx grabatu dituzte herritarrekin: "Geure buruari barre egiteko egoerak agertuko dira esketxetan, umore handiarekin kontatuak", diote Loramendiko kideek. Baina ez dute askoz gehiago aurreratu gura "harrituta gera daitezen ikusleak".
Umore giroan gertatu eta hausnarketarako bide izan gura duen ikuskizuna bideratzeko gonbidatu dute Ohian Vega irrati esatari ezaguna. Hala, esketx arteko tarteak beteko ditu hark eta ordubete inguruko saioa borobildu. Helduendako ikuskizuna dela aurreratu dute antolatzaileek.