Herritar guztiak inolako arazo barik mugitzeko moduko herria izatea Aretxabaleta da asmoa, gizon edo emakume izan, gazte edo adineko, norberak bizi duen egoera bizita ere –ezintasunen bat, umedun edo gurpildun aulkia ibili beharra…– traba barik mugitu ahal izatea.
Hala, Berdintasun teknikaria, bi arkitekturen laguntzarekin, herritarren iritzia jasotzen ibili da azken hilabetean, eta batzarrak egin dituzte honako taldeekin: herritarrak (zabalik guztiei); adinekoen zaintzaileak; institutuko gazteak; kirol esparruan dabiltzan kideak; eta erretiratuak. Horrez gain galdetegia jarri zuten edonoren eskura, herriaren gaineko hainbat galdera erantzuteko.
Bost arlo landu
Talde horiekin guztiekin bost gai landu dituzte: irisgarritasuna –kale eta eraikinetako trabak…–; mugikortasuna –kalean eta ibilbideetan pasatzeko zailtasunak…–; zerbitzuak eta ekipamenduak; segurtasuna –eta segurtasun eza–; eta adierazpen sinbolikoa –kaleen izenak…–.
Eta jaso dituzte herrian atzemandako gabeziak, trabak, zuzendu beharrekoak eta hutsuneak. Jasotako eskaeren artean daude: zebra-bide gehiago hainbat kaletan; adinekoei egokitutako plazak; Txarapeara igotzeko eskailera desegokiak; Urkulurako bidegorrian konpondu beharreko kontuak; bizikleta eta oinezkoen bateraezintasuna bidegorrian; autobus zerbitzua hobetu beharra Donostiara eta Bilbora…
Hirigintzara bideratu
Jasotako eskaera, iradokizun eta iritzi guztiekin txostena osatuko dute orain eta Hirigintza Sailera bideratuko dute gero. "Hirigintza arloko kontuak garatzerakoan herrian zein irizpide erabili zehaztuko du txosten horrek; horrela, berdintasuna kontuan hartuta garatzeko", diote Berdintasun Zerbitzuko kideek.
Bestalde, Olaia Sagredo Berdintasun zinegotziak onartu du jasotako eskaera eta iradokizunak egun batetik bestera ezingo direla abian jarri: "Poliki-poliki garatuko dira, eta aurrera begira nondik jo zehaztuta geratuko da txosten horretan".