"Askotariko testuak daude ipuinez gain, horregatik da kontakizun musikatuen ikuskizuna. Zast! izena jarri diogu ikuskizuna borobiltzen duen ideia saski-naskiarena delako", argitu du Beñat Zamalloa taldeko kideak, eta gaineratu: "Gure buruak diren saski-naski horretan dauden hari, orratz, artazi eta abarretatik atondutako ideiak, gogoak, doinuak eta letrak sortu eta bateratu ditugu".
Erritmodun ikuskizuna
Zamalloa aretxabaletarraren eta Maialen Arratibel arrasatearraren burutazioa izan da: "Udalekuetako begiraleak izan gara biok eta gauetan umeei ipuinak kontatzen genizkien gozo lokar zitezen. Begiraleei, gauetan eta udaleku ostean elkartzen garen hitzorduetan, ere kontatu izan dizkiegu. Eta aurten inoiz baino gogotsuago arituta, berotu eta zerbait egin behar genuela erabaki genuen", azaldu du. Hala, taldetxoa osatu dute: Arratibel, gitarrarekin eta kantuan; Zamalloa, kontalari; Martin Antxia, perkusioetan; Eñaut Zubizarreta, txeloan; eta Aitor Ziardegi, pianoan.
Ikuskizun entretenigarria izango dela aurreratu dute. "Ez da erlaxazio ikuskizun lasaia izango. Saiatuko gara erritmoa, positibismoa eta puntutxo ganberroa ere ematen. Denetik dugu gure buruetan, gure saski-naskian, eta bizitzan askotik den bezala, argitik eta ilunetik".
Ikuskizunerako sarrera borondatearen truke emango dute, "geuk antolatu eta geuk autofinantzatutako ekimena da eta". Ondoren Arrasateko gaztetxean (otsailaren 4an, 18:00) eta Eskoriatzan ere eskainiko dute.