Umeak zaintzeko eszedentzia eskatu Kukubiltxo antzerki taldean eta Apropox proiektua sortu du Etxebarriak: "Familie Flöz antzezlan alemaniarra ikusi ostean bururatu zitzaidan. Maskaren bidez egiten dute lan eta asko gustatu zitzaidan ideia. Talde hartako kide batek maskara horiek zelan egin ikastaroa eman zigun orain dela lau urte eta ordutik nabil lanean".
Proiektua dela Apropox dio Etxebarriak, eta ez taldea, "jende asko dagoelako tartean, eta ez dakigulako hemen bukatuko duen ibilbidea kontu honek edo aurrera egin". Lagun eta senide askok lagundu diotela onartu du.
Ama-semearen arteko harremana
Maskarak jantzi eta unean uneko istorioak asmatuz hasi zuen ibilbidea proiektuak eta Eunon antzezlana osatu gero. "Komiki eta karikaturetatik gertu dago, baita txotxongiloetatik ere", dio. Eta gaineratu du: "Ondo pasatu eta barre eragitea beste helbururik ez du lanak; gainera, gurean koka daitekeen istorioa da".
Ordubetean ama eta semearen arteko maitasun-gorroto istorioa kontatuko du: "Amaren etxetik alde egin eta bakarrik bizitzera joan den semearen istorioa da, baina alboko etxean geratu dena". 1980ko hamarkadan oinarritua dago eta Torrenteren umore sarkastikoa sartu diote. Horregatik "helduendako" dela argitu du.