Leteren garapen pertsonalak bere testuetan, poesietan izan zuen islaz. Sarasuak lagundu zigun ulertzen eta kokatzen Leteren testu asko eta asko, kasu askotan testuak kokatuz bere testuinguru historiko-politikoan. Sarasuaren esaldi honek laburbiltzen du hein haundi baten poeta haundiaren izatea.
"Arrastoa utzi digu gizon honek. Ideologien gainetik benetakotasunaren testigantza utzi digu; bere egia bilatu zuen uneoro". Argi geratu zen, aretxabaletarrarentzat, Lete guztiaren gainetik eta etengabe bere egiaren bila ibili zen poeta bat izan zela, agnostikotasunetik eta existentzialismotik espiritualtasunera, dogma guztien gainetik bere bidea egin zuen euskal idazlea.
Bide horretan, Letek garai eta aro desberdinetan idatzi eta abestu zituenak eskaini zituen Sarasuak. Izarren hautsa, Maitasunez hil, Ihes betea, Habanera... Heriotzaz ere asko idatzi zuen Letek, eta nola ere, horrek ere izan zuen bere tokia emanaldian; horren testigantza Letek abesten zuen Cesare Paveseren Heriotzaren begiak testuarekin etorri zen.
Erlijioa, maitasuna, heriotza...
Bi aro nagusitan banatzen du Sarasuak Xabier Leteren lana: "Soziala eta existentzialista da lehena eta barnekoia eta espirituala bigarrena" dio. Xabier Letek, kristautasuna berreskuratu eta hainbat poesia idazten ditu horren gainean. Eta maitasunaz, eta berriz ere heriotzaz...
Leteren bilakaeraren interpretazioa bukatzeko, Ni naiz. Oiartzuarrak bere buruaz esaten zituenak hausnarketarako bide; ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta trixtea...