Etorkinendako Aretxabaletan argitaratzen duten Hemen aldizkariko kideek –tartean Paloma Martinez mexikarra– kanpotik etorritako emakumeek gurean bizi duten egoera ezagutu dute, eta konturatu dira latinoamerikarrak ez direnendako oso zaila dela lan munduan sartzea: "Etxeetan garbitasun lanak egin ditzakete, baina bertako ohiturak, garbitasunerako produktuak eta tresnak… ez dituzte ezagutzen eta zaila da aurrera egitea".
Hiru behar atzeman dituzte: batetik, prestakuntza; bestetik, lanpostuak; eta hirugarrena, etorkin horiek diru-laguntzekin konformatu beharrean lan munduan sartzeko garrantziaren kontzientzia sortzea. Eta hortik etorri da formazio saioak antolatzea.
Kalitatezko zerbitzua ematea
Etxeko garbitasunaren gaineko formazio saioak otsailean hasiko dituzte, eta Basotxo erretiratuen egoitzako eraikinean egin. 15 lagunendako daukate lekua eta izena emateko epea urtarrilaren 25ean bukatuko da. Udaletxera jo behar da horretarako edo bestela honako telefono zenbakira deitu: 630 24 78 71. Ikastaroa ez da bakarrik etorkinendako, bertako emakumeei ere zabalik dagoela argi utzi gura dute antolatzaileek. Izena emandako guztiak elkarrizketatu egingo dituzte gero, eta kasu bakoitza aztertutakoan esan onartuak diren edo ez.
Prestakuntza saioak otsailaren 11n hasiko dituzte (astean hiru egunetan bi ordu), eta hainbat gai landu adituen eskutik: lanerako kultura, berdintasuna, ingurumena, lanlekua, lanerako tresnak eta familiako zaintzak. Horiek guztiak lantzeko Kurtzebarri eskolan garbitasun lanak egiten dituena, emagina eta bidezko komertzioan jakitun den lagun bat izango dituzte irakasle, besteak beste. "Kalitatezko zerbitzua emateko gai izan daitezen gertatzea da helburua; hala, garbitasunerako teknikak jasotzeaz gain bertako ohituren berri ere emango diete, tartean zabor moten banaketa. Gainera, konpromisoa hartzearen garrantzia erakutsiko da: baietza ematea, puntualtasuna…", argitu du Paloma Martinezek. Ikasleei, gainera, jarraipena egingo diete tutoreek bai ikasketak egin bitartean, bai praktika sasoian.
Praktikak herriko etxeetan
Praktikak egingo dituzte gero 0 eta 5 hilabete arteko umeak dituzten familietan. Martxoan hasita hilabeteko praktikak izango dira: astean bi egunetan, bi ordu (16 ordu). Eta ikasleen ordainsaria ez dute familiek ordainduko. "Ume jaioberridunek eskertuko dute laguntza", dio Martinezek: "Era berean, erakutsi gura diegu familiei kalitatezko garbitasun zerbitzua izan dezaketela prezio onean, eta hala, lana emango dietela beharrean dauden emakumeei".