Santa Kurtz kalea oinezkoendako bakarrik izatea eskatu zuten ikasleek, eta ez dela hala izango erantzun arren Martinezek, hainbat lan egingo dituztela iragarri zien eta "espaloi zabalagoak egin". Bizikleten erabilera bultzatzeko ere eskatu zieten, baina erantzuna izan zen inbertsio handiko proiektua zela eta diru-laguntzarik ez zutela lortu. Jaietan musika baxuago jartzeko ere eskatu zuten gaztetxoek, eta Martinezek onartu zuen ordenantzarik ez dutela horretarako baina "aztertzeko kontua dela". Bestalde, autobidean zarata ekiditeko panel gehiago Udalak ezin dituela jarri jakinarazi zien, "Aldundiaren ardura delako errepidea".
Wifia aldatzeko kostu handia
Faroletako argia eguzki energiaz lortzearen gainean jardun zuten gero, eta Martinezek erantzun "instalakuntza berriak egitea garestia dela". Hala ere, eskaera Hirigintza Sailera bideratzekotan geratu zen "herritik aldendutako lekuetan jartzeko".
Uhin elektromagnetikoekin kezkatuta agertu ziren ikasleak, eta leku publikoetan wifiaren ordez kablea jartzeko eskatu. Horrek, baina, diru kostua ekarriko lukeela erantzun zien eta orain ezin dutela halakorik egin. Eta antena, transformadore eta tentsio dorreen kokapena kontrolatzeko arautegia badagoela jakinarazi zien.
Eskola Agenda barruan aztertuko duten hurrengo gaia ere aurkeztu zuten: elikagaiak.
Beste eskaera batzuk
Ikasleek beste eskaera batzuk egiteko aprobetxatu zuten Udal ordezkariarekin egindako bilera. Hala, uda partean Urkulura joateko autobusa eskatu zuten eta musika taldeen entseguetarako lokal gehiago.