Bukatu berri den 2011. urtean, Hurbil zaitez autismora. Batzuetan, keinu batek mila hitzek baino gehiago balio du izeneko kanpaina egin du Gautenak, eta bertan esandakoak egunero balio du. Izan ere, Gautenaren esanetan, "autismoa oso hitz erabilia da, hain erabilia non benetako esanahia galtzeko arriskua baitago: jende askori bizitza normalizatua egitea eta ingurunearekin harremanak izatea galarazten dion gaitza da".
Laguntzeko modu asko dago baina, Gautenaren esanetan, "keinu nagusia autismoak jotako pertsonengana eta horien familiengana hurbiltzea da".
Gurasoek sortu zuten
Autismoaren Espektroko Nahasmenen (AEN) eredua da autismoa eta gizarteratzeko, komunikatzeko eta ohiko jarduerak ikasteko oztopoak ipintzen dizkiete umeei. 1943an idatzi zuen autismoaren gaineko lehen artikulua Leo Kanner psikiatra austriarrak, eta gaur egun zientzialariek oraindik ez dakite ziur nondik datorren autismoa. Funtsean, arrazoi genetikoei egozten zaizkie bai autismoa, bai bere espektroko nahasmenak. Gaur egun, lehen baino sarriago eta lehenago identifikatzen dira.
Gaur egun sendaezinak badira ere, orain dauden tratamenduek nahasmen horiek dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute eta, laguntzarekin, ingurune normalizatuan bizi izatea lortzen dute.
Autismoarekin eta haren espektroko gaitzekin bizi dira milaka pertsona, gaixotasunak dituztenak eta familiak. Gautenak ia 600 pertsonari laguntzen dio eta gaixoei eta haien familiei zerbitzua ematen die. 1978an sortu zuten guraso batzuek. Jimmy Brosa presidenteak Goiena Magazinea-n esan zuen moduan, "guraso batzuek arazoa zuten, eta ez zekiten nola konpondu, gizartean ez zegoen-eta erantzunik. Elkartu egin ziren, eta guraso horiei esker dago orain Gautena".
Eskolan antzeman zioten
Gipuzkoa osoan ematen du zerbitzua Gautenak, eta Debagoieneko kideak ere baditu. Horietako batek, Silvia Mendizabal arrasatearrak, autismoa duen ume baten ama gisa, bere esperientzia kontatu du, umeari zelan antzeman zioten kontatuz: "Ikastolan hasi zenean, haur hezkuntzan, ikusi genuen umearen portaera ez zela normala; adibidez, ez zion bere izenari erantzuten. Ikastolan beste umeekiko portaera desberdina zuen: leihotik begira orduak eman zitzakeen. Andereñoek hori igarri zuten eta Gautenarekin harremanetan jarri gintuzten".
Lehenengo momentu haietan "oso babestuta" egon ziren Arrasateko guraso horiek: "Ez genekien zer zen autismoa. Oso goxo azaldu ziguten. Medikuek esan ziguten umeak diskapazitate bat zeukala, baina ez zela oso larria, eta poliki-poliki aurrera joango zela. Eta umeak asko aurreratu du", kontatzen du Silviak.

Amari kasurik ez
Silviari gertatu zitzaion bezala, gurasoek igarri dezakete umeak arazoren bat duela. Brosak laburtzen digu zerekin izaten dituzten arazoak: "Hitz egiteko zailtasunak dituzte; batzuek ez dute lortzen hitz egitea, beste askok bai, baina badute ulertzeko zailtasunak, gauzak oso literalki ulertzen dituzte. Beste bat da harremanak egiteko eta, are gehiago, haiei eusteko zailtasuna. Dena dela, uste faltsua da autismoa dutenak isolatu egiten direla. Harremanak izateko guk ditugun arauak berak ez ditu ulertzen, eta euren burua defenditzeko isolatzen dira. Eta hirugarrena: irudimen zailtasunak dituzte, kosta egiten zaie abstrakzioa egitea; errutina batzuk behar dituzte, horiek segurtasuna ematen dietelako".
Ume horien ezaugarrietako bat da, sarritan, modu agresiboan jokatzea, baita euren buruarengana ere. Sarritan errepikatzen dituzte zenbait ekintza edo mugimendu xume: adibidez, bueltaka ibili edo gorputzarekin mugimendu erritmikoak egin. Autismoaren graduaren arabera, umeak erritual konplexuak egin ditzake ohera joan aurretik.
Beste sintoma posible batzuk hauek dira: hurkoaren sentimenduak ez ditu igartzen; ez du imitatzeko gaitasunik; ez du besteekin jolas egin nahi eta ez du irudimenik agertzen; hitz egiteko modu berezia du; objektuen inguruan larri kezkatzen da; errutina oso zehatzak jarraitu nahi ditu; interes jakin bat dauka eta asko insistitzen du horretan…
Horiek aztarnak bakarrik dira. Diagnostikoa pediatrak edo ume-psikiatrak egin behar du.
Ikasketa pertsonalizatuak
Behin Gautenarekin harremanetan ipinita eta diagnostikoa izanda, tratamendua hasten da. Silvia Mendizabal arrasatearrak kontatzen digu seme Haritzen egunerokoa zelakoa den: "Normala da: goizean jaiki, gosaria prestatu, jantzi, eta eskolara joaten da. Gurutze Gorriko eskola-garraiokoak etortzen dira eta eskolara eramaten dute. Han 09:00etatik 16:30era arte egoten da, eta beste ikasleekin harremanetan normal ibiltzen da, ez bakarrik bere taldearekin. Jolas-orduan ere, denokin egoten da. Izan ere, garrantzitsua da beste umeekin harremana izan dezaten".
Silviaren semea Gautenaren eskolara joaten da. Debagoienean, eskola hori Aretxabaletako Kurtzebarri eskolaren egoitzan dago. Han, bailarako familiek erreferente bat dute.
Jimmy Brosak hauxe gogorarazten digu: "Autismoaren barruan hainbat maila daude, eta arretak oso indibiduala izan behar du. Ume bakoitzarendako programa pertsonalizatua prestatzen dugu". Programa hori, Debagoienaren kasuan, Aretxabaletako gelan egiten dute. Hantxe daude egunero Maribel Serrato eta Lourdes Miner irakasleak.

Aurten, 8 eta 15 urte arteko bost ikasle daude, bailara osokoak.
Beste ikasleekin batera
Maribel Serratok azaltzen digu zer egiten duten Gautenaren eskolan: "Ikasle bakoitzarekin bere programa egiten dugu. Denetarik egiten dugu: komunikazioa landu, idazketa, irakurketa, matematikak… denetarik". Horrez gain, "Kurtzebarriko ekintza orokorretan parte hartzen dute: jaiak, irteerak, urtebetetzeak, musika… Ikastetxeko espazio guztiak erabiltzen ditugu", esaten du irakasleak. Integrazioa ere lantzen dute: ikasleak dagokien gelan integratzen dira.
Aretxabaletako gelan 16 urtera arte ibiltzen dira, eta gero, Zeregin Ikasketa Gelara joaten dira. Arrasaten bi daude.
HARREMANETARAKO
Gautena elkartea: www.gautena.org.
Telefonoak: 943 21 53 44 / 943 21 52 49
Posta elektronikoa: info@gautena.org